“Hondamendia” antzezlanaren azken emanaldia gaur izango da Zaldibarren
2023/12/29
16:39
eta kitto!
Gaur eskainiko dute Hondamendia antzezlanaren azken emanaldia Artedrama eta Axut konpainiek, Zaldibarren. Pilotalekuan izango da, 19:00etan, eta sarrera doan da. Zaldibar Argituk herritarrak deitu ditu, bertaratzeko, “antzezlan zoragarri baten azken emanaldiaz gain, aldarrikapen unea ere izango delako. Langileak, Osasuna eta Erantzukizunak aldarrikatuko ditugulako beste behin ere. Borroka honek aurrera jarraitzen duelako”. Plataformako kideek adierazi dutenez, “hondamendia gertatu zenetik gaur arte langile mugimenduak, gazteriak, inguruko herriek eta mugimendu ekologistek bat egin dute gure aldarrikapenekin. Ez hori bakarrik: hasieratik, arte eta kultur munduaren babesa ere jaso du Zaldibar Argitu oihuak. Horren lekuko Eibarko musikariek sortutako ‘Zaborrezko munstroa’ kantua, 84 kultur eragilek sinatutako Zaldibar Argitu, ereduaren agortzea agerian manifestua, Zaldibarko musikarien parte hartzea ekitaldi mordo batean, 2021eko urtarrilean oholtzara igo ziren 18 artistak Eibarren egindako Lagundu Argitzen ekitaldian herri akusazio moduan aurkezteko, Eitzagan herri ekimenak jarritako eskultura, eta, nola ez, Axutek eta Artedramak Euskal Herriaren luze zabalean taularatu duten ‘Hondamendia’ antzezlana”. Bide batez, esker ona azaldu nahi diete bi antzerki konpainiei.