Ibarkurutzeko emanaldi poetiko musikalaren XIII. edizioa egingo dute zapatuan

37 lagunek hartuko dute parte poesia eta musikaren inguruko hitzorduan, 19:00etatik aurrera.
Ibarkurutzeko emanaldi poetiko musikalaren XIII. edizioa egingo dute zapatuan
2026/06/05 10:59
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ibarkurutzeko iturri ingurua poesiaren eta musikaren topagune bihurtuko da berriro zapatu honetan, ekainak 6. Izan ere, emanaldi poeti-Musikalaren hamahirugarren edizioa egingo dute bertan, 19:00etan hasita.

Aurtengo edizioan 37 lagunek eman dute izena parte hartzeko, nahiz eta antolatzaileek azaldu duten azken orduan kopurua handitu daitekeela. Parte-hartzaileak Eibar, Ermua, Elgoibar, Zarautz, Donostia, Errenteria, Bilbo, Bergara eta Amurriotik etorriko dira.

Poesia irakurketekin batera, musikak ere izango du lekua. Alberto Luis Egiak girotuko du saioa teklatuarekin, eta Jose Miguel Laskurainek zuzentzen duen Koralito abesbatzak ere parte hartuko du ekitaldian.

Urteetan zehar sendotu den kultur hitzordua da Ibarkurutzekoa, eta herritik kanpoko parte-hartzaileak ere erakartzen ditu. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, euria egingo balu, ekitaldia Errebaleko gune estalian egingo litzateke.

Gaualdi Poetiko-Musikalak poesia herritarren arteko elkargune eta adierazpide gisa aldarrikatu nahi du beste behin, hitzaren, musikaren eta partekatutako emozioen inguruan.