Ibilixan ibilaldi osasungarriak urrian itzuliko dira Eibarrera
Urtebeteko etenaldiaren ostean, Eibar Ibilixan programa berriro jarriko da martxan urriaren 9an. Eibarko Udaleko Kirol Arloak antolatutako ibilaldi osasungarrien ekimena MOGIDU zerbitzuaren barruan kokatzen da, eta herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea du helburu, taldeko harremanak eta bizikidetza bultzatzearekin batera.
Ibilixan-en bidez, sedentarismoari aurre egin, adinekoen dinamizazioa sustatu eta hiriko ibilbideak zein parke bio-osasungarriak erabiltzeko ohitura indartu nahi dituzte. Ekimenak Mugiment programarekin eta Euskadiko Osasun Publikoaren estrategiarekin lotutako tokiko eta erkidegoko jardueren barruan kokatzen dira.
Irteerak Andoni Azpiazu MOGIDU zerbitzuko hezitzaile fisikoak gidatuko ditu. Hamabostean behin egingo dira, doan, eta ez da aurrez izena eman beharko. Bizi-kalitatea eta mugikortasun fisikoa hobetu nahi duten herritar guztiei zuzenduta daude.
Sei irteera
2026ko azken hiruhilekorako sei irteera antolatu dituzte: urriaren 9an eta 23an, azaroaren 6an eta 20an, eta abenduaren 4an eta 18an. Guztiak 10:00etan abiatuko dira, Toribio Etxebarria kaleko anbulatorioko plazatxotik, eta ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena izango dute.
Informazio gehiago nahi dutenek 688 724 174 telefonora deitu edo mogidu@eibarkirola.eus helbidera idatzi dezakete.