III. Rallysprint El Corte Ingles Eibar zapatuan jokatuko da 13.30etatik aurrera

III. Rallysprint El Corte Ingles Eibar zapatuan jokatuko da 13.30etatik aurrera
2013/07/19 00:00
eta kitto!

Bihar (zapatua, hilak 20) III. Rallysprint El Corte Ingles Eibar jokatuko da eta probaren inguruko azalpenak atzo arratsaldean egin zuten aurekzpenean eman zituzten. Ekitaldian Eduardo Robredo Eibarko El Corte Ingleseko zuzendariak, Mª Jose Telleria zinegotziak, Angel Gurrutxaga Euskal Automobilismo Federazioko presidenteak, Eduardo De Dios, Eibar Motor patrozinatzailea ordezkariak eta Unai Etxeberriak, proba antolatzeaz arduratzen den Escuderia Eibarreko presidenteak hartu zuten parte.
Zapatuan 09.00etan hasiko da eguneko jarduna Untzagan, parte hartuko duten automobilen berifikazioekin. Ondoren Txaltxa Zelaian egongo dira autoak, nahi duenak ikusteko moduan, 13.30ak arte (errepidea ere ordurako itxiko da). Izan ere, ordu horretan ekingo diote lasterketari. Kronometratutako 11 kilometroko ibilbidea hirutan egingo dute, Etxebarrian hasi eta, Barinaga eta Ixua igaro eta gero, Arraterako errepidean gora jarraituta bertan amaitzeko.
Proban 72 automobilek hartuko dute parte (57k abiadura modalitatean eta 15ek sport erregulartasunean) eta gidarien zerrendan une honetan sailkapenaren lehen postuetan daudenen izenak daude: Iban Tarsicio eta Iñigo Peña (Mitsubishi Evo IX N+), Joxe Labaka eta Aitor Otaegi (Mitsubishi Evo V), Josetxo Zapiain eta Juan Luis Sarasola (Renault Maxi Megane) eta Iñaki Alberdi eta Jorge del Cid (BMW M3), besteak beste.
Sari banaketa ekitaldia 20.30etan egingo dute, El Corte Inglesean eta lasterketarako motorrak berotzen hasteko, bestalde, goizerako 7-14 urte bitarteko umeentzat Play Station txapelketa antolatu dute merkataritza gunean bertan. Umeen txapelketa 11.30etan hasiko da.
Antolatzaileek egunean bertan emango dute sailkapenaren berri, Escuderia Eibarren webgunean eta proba ikustera doazenei segurtasuna zaintzeaz arduratzen direnei kasu egiteko eta zaborrik ez botatzeko eskatu zieten ekitaldia agurtu aurretik.