IK4-Tekniker, mikro-osagaiak sortzera bideratutako HINMICO proiektuaren buruan
IK4-Tekniker material eta funtzio anitzetan erabiltzeko mikro-osagaiak eskala handian ekoizteko teknologia garatu eta integratzeko HINMICO Europako proiektuaren buruan dago. 5'5 milioi euroko aurrekontua duen proiektuan, Eibarko zentruarekin batera, beste 15 bazkidek, zazpi herrialdetako ikerketa zentruak, unibertsitateak eta enpresek dihardute parte hartzen. Proiektuaren bitartez lortu nahi dituzten mikro osagaiekin industriaren hiru arlotan dagoen eskariari erantzun nahi diote: mugikortasun-garraioan, erresistentzia aerodinamikoa murrizteko eta, beraz, erregai gutxiago kontsumitzeko osagaia sortuko dute; elektronikan, ahalmen handiko eta irismen laburreko mugikorren sareentzat mikro-uhin pasibodun osagaia egingo da; eta biomedikuntzan, sendakuntza azkarragoa izateko material anitzez egindako inplanteak eta haginetarako bracket polimeriko indartuak egingo dituzte.