Ikastetxeetan ogia alferrik ez galtzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu dute

Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin bat egin du Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, eta Debabarreneko Mankomunitatearen laguntzarekin, herriko ikastetxeetan ogiaren kontsumoa murrizteko sentsibilizazio-kanpaina abiatuta.
Ikastetxeetan ogia alferrik ez galtzeko sentsibilizazio kanpaina abiatu dute
2024/11/22 09:57
eta kitto!

Europako Batzordeak 2024ko kanpainarako aukeratu duen gaia "Elikagaiak alferrik ez galtzea" da, eta goiburua, berriz, "Gustu ona ez da alferrik galtzen”. Ikasleen artean arazo horri buruzko kontzientzia sortzeko, sentsibilizazio-kanpaina bat egingo da aste honetan hasi eta otsailaren erdialdera bitartean, parte hartu nahi duten ikastetxeetan ogiaren kontsumoa murrizteko. Era berean, Eskolako 2030 Agendaren ingurumen-hezkuntzako programaren barruan, ikasturte honetan eta hurrengoan, "Ekoizpen eta kontsumo arduratsua" 12. GJH landuko da, “helburu hori zuzenean dagoelako lotuta elikagaiak alferrik galtzearekin, eta, xahuketa hori gehiegizko kontsumoaren beste zantzu bat da”. Udaletik adierazi dutenez, “ogia ezinbesteko elikagaia da, etxe gehienetan jaten den produktua, baina gehien kontsumitzen den elikagaietako bat izan arren, gehien botatzen denen artean dago. Eskoletan ere arazoa handia da. Ogia botatzea ohiko bihurtzen da, eta jendeak normalizatu egiten du hori. Horregatik, kanpaina honen bidez, elikagaiak xahutzearen gaia landu ahal izango da ikastetxeetan. Horretarako, metakrilato gardenarekin egindako ontzi bat diseinatu da, kontzientziaziorako pentsatuta dauden hainbat mezurekin. Ontzi hori bost egunez jarriko da ikastetxe interesdunaren jantokian, ikasleek soberan dagoen ogia bertan laga dezaten egunero. Horrela, egunero ikusi ahal izango dute nola doan ogiarekin betetzen. Horrek janaria ez botatzearen garrantziaz jabetzen lagunduko die ikasleei eta, horrekin batera, kontsumitu behar ez duten zati horri uko egiten”. Egun horietan ontzian batu den ogia aprobetxatzeko, ogiari zer erabilera eman adostuko da aldez aurretik ikastetxeetan. Epe hori amaituta, Zero Hondakin Fundazioaren bitartez, eta Debabarreneko Mankomunitatearen laguntzarekin, hitzaldia emango da ikastetxe bakoitzean, lortutako emaitzei buruz hausnarketa egin eta elikagai gutxiago xahutzen laguntzeko. Kanpaina Juan Antonio Mogel ikastolan hasi da, eta oraingoz beste bi ikastetxe gehiagok (Amaña herri ikastetxeak eta La Salle Isasik) eman dute izena. Kanpaina antolatzeko, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren dirulaguntza jaso du.

Biztanle bakoitzeko 132 kilo janari alferrik galtzen da urtero

Urtero, Europar Batasuneko estatuek 59,2 milioi tona elikagai-hondakin baino gehiago ekoizten dituzte, hau da, 132 kilo biztanleko. Datu horiek are dramatikoagoak dira kontuan hartzen badugu 37 milioi pertsona baino gehiagok ezin dutela kalitatezko otordurik egin egun bitik behin. Mundu mailan, giza kontsumorako ekoizten diren elikagai guztien herena alferrik galtzen da. PNUMAren datuen arabera, 2019an 931 milioi tona elikagai alferrik galdu ziren, hau da, elikagaien munduko ekoizpen osoaren %17. Alferrik galtzen diren elikagai gehienak etxean kontsumitzen dira (hondakinen erdia), elikadura-zerbitzuan (jatetxeak, cateringa) eta txikizkako merkataritzan (supermerkatuak, dendak) kontsumitzen direnekin batera. Hondakin-kopuru horren atzean inpaktu ekonomikoak eta ingurumenari lotutakoak daude. Datuen arabera, Europan urtero ekoizten den elikagaien xahuketak 132 mila milioi euroko merkatu-balioa du. Gainera, elikagaiak alferrik galtzeak ondorioak ditu berotegi-efektuko gasen isurketetan, elikagaiak ekoizteko labore-lurrak eta ur gezako baliabideak eta ongarriak behar baitira.