Ikasturte honetarako aisialdi eskaintza aurkeztu dute
Zapatuetako Tailerrak eta Afariketan, ume eta gazteen aisialdirako egitasmoen barruan antolatutako eskaintza aurkeztu dute gaur (martitzena, hilak 16) Portalean udaleko eta Astixako ordezkariek. Zapatuetako Tailerrak programaren barruan, Haur Hezkuntzako 3. mailakoentzat eta Lehen Hezkuntzako 1. mailakoentzat eta gurasoentzat Argazki-albuma izenburukoa prestatu dute (urriaren 18 eta 25ean eta azaroaren 1, 8, 15 eta 22an, Portalean). Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat, berriz, Magia tailerra antolatu dute (urriaren 18 eta 25ean eta azaroaren 1 eta 8an, Portalean). Hauetan izena emateko epea urriaren 3an amaituko da eta prezioa 10 eurokoa da. Eta Lehen Hezkuntzako 2., 3. eta 4. mailakoentzat Dantza Garaikide tailerra egingo da (urriaren 18tik azaroaren 8ra arte, Portalean). Hiru talde osatuko dituzte: LH 2. mailakoek 16.00etatik 17.00etara izango dute klasea eta LH 3. eta 4. mailetakoek, berriz, 17.00etatik 18.00etara edo 18.00etatik 19.00etara. Prezioa 10 eurokoa da Eibarren erroldatutakoentzat (20 euro besteentzat). Izena emateko Pegorara joan beharko da, irailaren 29tik urriaren 7ra bitartean.
Bestalde, Afariketan programaren barruan prestatutako eskaintza honakoa da: Haur Hezkuntzako 3. mailakoek astean egun bitan, egunean ordubetez euren auzoko ikastetxean bertan (Amaña, Arrateko Andra Mari, Urkizu, San Andres, Jazinto Olabe eta Jardiñetan) eskola orduetatik kanpora jolasteko aukera izango dute, urriaren 20tik maiatzaren 28ra arte eta LHko 1. eta 2. mailetakoek, berriz, urriaren 13tik maiatzaren 28ra bitartean (hauek ere astean egun bitan, baina eguneko saioak ordu eta erdiko iraupena izango du). Afariketanerako izen-ematea Indianokua gaztelekuan egin beharko da (irailaren 22tik 26ra, 10.00etatik 13.00era eta 16.00etatik 18.00etara) eta, bestela, Arrateko Andra Mari ikastetxean eta Amañako ludotekan (irailaren 22 eta 23an, 16.00etatik 18.00etara).