Iker Aranberri: «Gizarteak kontzientzia du, baina asko kostatzen zaigu ohiturak aldatzea»
Ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotutako kontzeptuak gizarteratzeko helburua dute Glosariak egitasmoko bideo pilulek, Cristina Enea fundazioko Iker Aranberri teknikariak azaldu duenez.
Zor ekologikoa, baso bainuak eta landare itsutasuna ez dira, orokorrean, oso kontzeptu ezagunak. Horiek eta beste hainbat erraz ulertzeko moduan azaltzeko helburua du Glosariak egitasmoak. Donostiako Cristina Enea fundazioko Iker Aranberri komunikazio teknikariak koordinatu du (Eibar, Gipuzkoa, 1978).
Argazkia: Gorka Rubio (FOKU)
Kristinaenea parkean, goizetan, gosaldu beharrean, glosaldu egiten duzue?
Bai. Lankideok goizeko elkarrizketetan glosaldu egiten dugu, ingurumen kontuei buruz aritzen garelako sarri. Cristina Enea fundazioak ingurumen eta jasangarritasun kontuen kontzientziazioan eta sentsibilizazioan egiten du lan, eta askotan zail egiten da gai horiek lantzea. Kontzeptu asko ez daude argi, eta gure helburua da horien inguruko didaktika egitea. Glosariak hitza glosario eta gosaldu hitzen loturarekin suertatu zen. Helburua da ingurumenari eta jasangarritasunari lotutako kontzeptuak modu ulerterraz eta ulerkorrean azaltzea gizarteari. Horretan ari gara egunero lanean, eta tarteka bideo pilulak egiten ditugu kontzeptu horiek gizarteari ulertarazteko.
Aterpe klimatikoak azalduz ekin diozue laugarren aldiari.
Klima aldaketarekin, mahai gainean jarri dute herritarrei muturreko baldintza klimatikoetatik babesteko lekuak eraiki behar zaizkiela hirietan eta mendietan. Horrekin hasi dugu kanpaina hau, erregistroak daudenetik beroena izan delako aurtengo uda. Aterpe klimatikoen kontzeptua oso modan dago gaur egun hirigintzan. Agian herritarrek ez dakite zer diren aterpe klimatikoak, eta Glosariak egitasmoaren xedea, hain justu, hori da: hain ezagunak ez diren kontzeptuak gizarteratzea eta azaltzea.
Kristinaenea parkea aterpe klimatiko bat da?
Bai. Horrela zehaztua du Donostiako Udalak. Udan, bero sapa gogorrek jotzen dutenean, babesa hartzeko leku egokia da, zuhaitzek eskaintzen duten tenperatura goxoagatik eta itzalarengatik.
Fenologiari buruzkoa da beste glosari bat. Ez da oso diziplina ezaguna.
Azken urteotan garrantzia hartzen ari da. Naturaren zikloak aztertzen ditu, eta horiek nola eragiten dieten izaki bizidunei: animaliei eta landareei. Orain arte, agian, ziklo horiek nahiko uniformeak ziren, eta iraupen jakin bat zuten. Klima aldaketarekin, ziklo horiek zoratzen ari dira. Sanjose lorea martxoaren 19aren inguruan loratzen zen, baina gero eta bero handiagoa egiten duenez, orain urtarriletik eta abendutik ikusgai egoten da. Fenologiak aztertzen duena hori da: espezie bakoitzaren bizi zikloei nola eragiten dien klima aldaketak.
Zure ustez, zenbateraino dauzkate herritarrek barneratuta ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin lotutako kontzeptuak?
Barneratuta badauzkate kontzeptu asko, baina horietako askok jarrera aldaketa bat eskatzen dute, klima aldaketari, berotze globalari edo hondakinen sorrerari aurre egiteko. Denok dakigu zer diren birziklatzea, berrerabiltzea, isuriak, karbono arrastoa... Badakigu horiek ondorio kaltegarriak dituztela naturarentzat eta gizakientzat, baina ondorio kaltegarri horiek iraultzeko, gizarteari jarrera eta ohitura aldaketa bat eskatu behar zaio. Gizarteak kontzientzia du, baina asko kostatzen zaigu ohiturak aldatzea, bizi eredu jasangarriagoetarako pausoa emateko.
Glosarien bidez helarazten den informazioa garrantzitsua da kontzientzia pizteko?
Bai. Azken finean, gu ezagutza sortzen ari gara. Zenbat eta jende gehiagok ezagutu kontzeptu hauek, orduan eta errazagoa izango da ohiturak aldatzea. Modu bat da kontzeptu horietara gerturatzeko, eta, kontzientzia mailaren arabera, neurriak hartzeko. Jarduera ia politikoa da ekologismoa, ingurumenaren aldeko borroka. Bakoitzak erabakitzen du zenbaterainoko inplikazioa duen auziaren alde.
LOTSABAKO
Zer gosaltzen duzu?
Normalean, kafesne bat eta bi ogi xerra, olioarekin eta gomasioarekin.
Kristinaenea parkeko lekurik kuttunena?
Urmaela oso gustuko dut.