OIER ARAOLAZA, MIREN HAZAS ETA JOSU GARATE: “Ilusio handiarekin abiatu genuen Arrateko dantzen tradizio eraberritua”
Kezka Dantza Taldeak 2005eko irailaren 8an plazaratu zituen Arrateko Amaren dantzak formatu berri batean. Aurten, 21. aldiz dantzatu dira moldaketa horien ondorioz sendotu diren ezpata-dantzak eta trokeo-dantzak. Dantza taldeko kideak dira Oier Araolaza, Miren Hazas eta Josu Garate. Tradizio berriaren hastapenetan izan ziren Araolaza eta Garate. Miren atzetik etorri zen.
Nola aurkeztuko zeniokete Arrateko dantzen tradizioa ezer ez dakienari?
J.G.: Oier da egun horren ekintzaile edo xaxatzailea hemen. Badago dantza eta egun honi dagokion iragan bat. Momentu batean, baten batek erabaki zuen dantza horiei buelta bat ematea orain dela 20 urte.
O.A: Kontuan hartu behar dugu Arraten festa, erromeria eta dantzen historia oso luzea dela. Daukagun dokumentazio eta testigantza zerrendaren artean, adibidez, badago grabatu bat XVIII. mendekoa. Bertan Arrate azaltzen da festa egun batean eta dantza dago. Ezagutu izan dugun ibilbide horretan jakin dugu hainbat eratako dantzak egin izan direla Arraten. Eta aurrerago, XX. mendean zehar ere egon zirela ahalegin batzuk dantza bat espreski Arraterako prestatzeko eta sustraitzeko. Baina ez zuten lortu lehenengo ahaleginetan errotzea, eta, orduan, XX. mendean zehar errepertorioak aldatzen joan ziren (nahiz eta askotan hainbat ezpata-dantza moldetarako joera egon). Orduan, 2005. urtean ordura arteko ezpata-dantzaren zati bati (ordura arte Josuk dantzari bakar gisa dan- tzatu izan zuena) falta zitzaion dantzaren gainontzeko partea osatu genion. Garai haietan ezpata-dantza hori ezpata txikiekin egiten zen bakarrik. Ordura arte dantzatzen genuena ezpata-dantza zabalago baten parte bat zen eta horren ezaugarri nagusia ezpata luzeekin egiten diren mugimenduak, jokoak, zubiak, parrilak, arrosak... dira. Hori da 2005. urtean berrosatu eta festaren eta erritual baten baitan sartu genuena. Azkenean, Arrate sinbolikoki oso garrantzi handiko espazio eta festa ingurunea da denontzat eta baita garai batean inguruko askorentzat ere. Ez dio Eibarri bakarrik eragiten, baizik eta eskualde osoari. Arrateren esanahi edo oihartzun horrek ia-ia Arrate irratiaren uhinak beste zabaldu eta barne hartzen du. Inguruko jendea betidanik etorri izan da Arratera. Orduan, ikuspegi horrekin saiatu ginen berrosatzen ezpata-dantza eta ezpaten erritua bera.
M.H.: Josuk dantza egin aurretik, beste dantza talde batzuk egiten zuten dantza, ezta?
O.A.: Bai. Arraterako dantza errepertorio zehatza egiterako ahalegin horretan kanpoko dantzariak ere ekarri izan ziren. Eibarko taldeak izan dira askotan, baina, esaterako, 60. hamarkadan Galdakaoko Andra Mari dantza taldea ekarri izan zen pare bat urtetan dantzatu zezan… Bazegoen inguru zabaleko lotura hori. Ez bakarrik Eibarri, baizik eta inguru zabal baten lotura hori.
Nolakoa izan zen Juan Antonio Urbeltz eta Donostiako Argia dantzari taldearekin batera dantzak sortzea?
O.A.: Urte askotako prozesua izan zen. Urbeltz 1992-93 urteen inguruan ezagutu genuen. Garai haietan Elgoibarko Haritz Dantzari Taldearekin aritzen ginen lanean eta haien bitartez ezagutu genuen Urbeltz. Urbeltzen dantza taldeak (Argiak) sortzen zituen ikuskizunetan parte hartzen hasi ginen. 1994an Urbeltz gure herrira ekarri genuen soka-dantzaren inguruko hitzaldi bat emateko asmoz. Hitzaldi horren bukaeran bertan, pista eta proposamen batzuk eman zizkigun, gerotara Arraten integratu ditugunak. Adibidez, dantzarien kofradiaren eratzea, horretarako kofrearen beharra, bakarlarien papera txandakatzen joatea eta horrek nola lagundu zezakeen taldea osatzen… Ezpata-dantzari dagokionez, Urbeltzek zuzendutako Argiak egindako lan hori guztia barneratzeko aukera izan genuen. Urbeltz dantzari, irakasle eta ikerlari garrantzitsua da Euskal Herri osoan.
O.A.: Juan Antonio Urbeltz izan da (eta da) euskal kulturaren eta euskal dantzaren pertsonalitate oso garrantzitsua. Askotan Jorge Oteizarekin lotzen da bere ibilbidea, hark bezala euskal kulturari ikaragarrizko astindua eman diolako, euskal kulturaren bigarren berpizkunde horretan eragin duelako. Dantzari dagokionez, garai haietan nabarmenena Argia dantzari taldea izan zen, eta Urbeltz da begirada edo figura nagusia. Guretzat ikaragarrizko zortea eta plazerra izan da urte hauetan guztietan berarekin lan egin, ikasi eta dantzatzeko aukera izatea.
Elkarlan honi esker, zer-nolako dantza edo pausoak gehitu zenituzten errepertorioan?
M.H.: Ezpata-dantzarekin loturiko guztia. Formazioa, arropak... eta, dantzari lotuta, Gipuzkoako eta Bizkaiko dantzen kutsua.
J.G.: Eredu edo ardatza Gipuzkoako ezpata-dantza izan zen. Hain zuzen ere, Argia taldeak berak desagertua zen lau lerrotako ezpata-dantza berreskuratu eta berpiztu zuen. Guk oinarrian duen lerro eta jantzien eredu hori hartu genuen. Azkenean, ingurura begiratu besterik ez genuen egin: Euskal Herriko muga hauetan zer izan dugun eta zer dugun.
Nola oroitzen dituzue hastapenak?
M.H.: Ni ez nengoen (barreak).
J.G.: Ez dakit oroitzapen handirik dudan, egia esan. Nora gindoazen ez genekien argi. Ez eta nola funtzionatuko zuen ere. Gogoan dut batzuek lan itzela egin zutela. Arropekin, adibidez hainbeste dantzari jantzi beharra, nola…). Bat batean hainbat lagun aktibatu eta lanean jarri ginen: dantza forma berriak ikasi, errepertorioa osatzen joan, eguna nola antolatu, protokoloa edo erritu berri horri nola forma eman… Zalantzak izan genituen, dena nola sartu (meza dago)... Harilkatu behar ziren gauza asko zeuden. Denborak esango zigun funtzionatuko zuen edo ez.
Erritu horren parte da dantzarien akta sinaketa eta bazkaria. Noren ideia izan zen hori?
O.A.: Hori Urbeltzek iradoki zigun kofradiaren parte da. Urbeltzek esaten zigun (hitzaren jatorria begiratuz) Kofradia bat kofre bat duen elkarte bat dela. Kofrearen barruan biltzen dira Kofradiaren paperak, dokumentuak edota tresnak. Eta, beraz, kofre bat behar genuela esaten zuen Urbeltzek. Hala ere, urte batzuk behar izan genituen kofre egokia lortzeko (barreak). Gaur egun gure dantzarien tresnetako batzuk (ezpata txikiak edota zapiak) gordetzen dira. Akta liburua da garrantzitsuena. Urtero bazkaria egin ondoren, Enrique Izaguirre idazkariak idazten du bertan. Sozialki, urtero dantza egin ondoren bazkaldu, akta jaso, guztiok sinatu eta bertan ere hurrengo urteetarako konpromiso hori hartzea da, azken finean. Aurrerantzean ere errituarekiko konpromisoa eta ardurak hartzeko modu bat zen. Nik uste dut hori guztia ilusio handiarekin abiatu genuela.