Iker Aranberri izango da abenduko ‘Idazlearekin harixa emoten’ irakurketa klubeko gonbidatua

Iker Aranberri izango da abenduko ‘Idazlearekin harixa emoten’ irakurketa klubeko gonbidatua
2025/12/09 15:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Euskarazko irakurketa klubeko saio berezia egingo da abenduaren 9an, 19:00etatik 20:00etara, Portaleko Batzartoki 1-2 aretoan. “Idazlearekin harixa emoten” taldearen dinamikan, oraingoan Iker Aranberri Sarasua izango da gonbidatua, eta berarekin batera eztabaidatuko da bere lehen poemategia, Baden verboten (Pamiela).

Saioa Ainhoa Aldazabalek gidatuko du, eta parte-hartzaileek liburuari buruzko galderak eta iruzkinak egiteko aukera izango dute. Ekintza hau …eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatu da.

Iker Aranberri Eibarren jaioa da (1978), eta kazetaritzan ibilbide luzea egina du: Euskal Telebistan eta …eta kitto! astekarian aritu da, besteak beste, erredaktore eta argazkilari lanetan. Gaur egun, Cristina Enea Fundazioko komunikazio teknikari da.

2024an Xabier Lete Nazioarteko Poesia Saria irabazi zuen, eta sari horri esker argitaratu du Baden verboten. Liburuak gaztaroaren galera, xalo izatearen amaiera eta egunerokoak dakartzan aldaketa poetikoki jorratzen ditu, irakurlea interpelatuko duen tonu zuzenez.

Irakurketa saioa doakoa izango da, eta poesia zaleei nahiz idazlearen lana ezagutu nahi dutenei zabalik egongo da.