Iker Iglesiasen Txinako argazkiak Debegesan ikusgai
Atzoz geroztik Iker Iglesias argazkilari aretxabaletarraren irudiak ikusgai daude Debegesako harrera-aretoan, Azitaingo industrialdean. Hilabetez egongo da China izenburuko erakusketa ikusteko aukera. Hamaika argazkiz osatutako bilduma atal bitan banatuta dago: batetik, lurraldearen independentzia aldarrikatzen duten Xingjiang eskualdeko herritarren bizitza erakusten duten argazkiak ikus daitezke eta, bestetik, Txinako hainbat txoko galduetan hartutako irudiak jaso ditu egileak. Izan ere. erakusketaren helburua Txinako kontrasteak eta estetika erakustea baita. Debegesak egunotan hartuko duen erakusketa ondoren Gasteizera eta Madrilera eramango dute. Argazkilari gazteak sari garrantzitsuak eskuratu ditu 5 urteko ibilbidean eta, besteak beste, 2009an Namibiari buruzko erakusketa ibiltaria egin zuen. Erakusketa astelehenetik eguenera 08.00etatik 18.30etara ikus daiteke eta barixakuetan, berriz, 08.00etatik 15.00etara.