Ilara luzea osatu da zapatuko derbirako sarrerak erosteko
Goizeko 09.30etan hasi dira zapatuan 22.00etan jokatuko den Athletic-Eibar norgehiagorako sarrerak saltzen San Agustin kaleko Viajes Premier-en bulegoan. Athletic-ek 1.170 sarrera helarazi dizkio talde armaginari eta horietatik 270 klubak gorde ditu, dauzkan konpromisoei aurre egiteko. Salgai ipini diren sarrerak erosteko orduan, Eibar Kirol Elkarteko bazkideek lehentasuna daukate. 45 eta 50 euro bitarteko prezioa duten sarreren salmenta hasi eta berehala, jende ilara luzea osatu da San Agustin kalean hasi eta Errebaleraino. Goizean 13.30ak arte egongo da zabalik bulegoa eta arratsaldean, berriz, 16.00etatik 19.30etara.
Tren zerbitzu berezia
Bestalde, derbia dela eta, Eibartik San Mamesera doazenentzat tren zerbitzu berezia eskainiko du Euskotrenek: Bilbotik tren bat irtengo da 00.50etan, partidua amaitu eta gero bueltan etorri nahi dutenentzat. Tren bereziak Debara bitarteko ibilbidea beteko du.