Iñaki Alegria informatikaria da UEU-ko zuzendari berria
Iñaki Alegria informatikariak beteko du aurrerantzean UEU-ko zuzendari kargua, Karmele Artetxeren lekukoa hartuta (bideoa hemen ikusgai). Udako Euskal Unibertsitateak zapatuan egindako batzar nagusian hautatu zuten zuzendari berria eta, 2013ko balantzea onartu eta jarraian, Alegriak datozen urteetako lehentasunak finkatu zituen: "Alde batetik, orain arteko ibilbideari jarraipena emango zaio, bai arlo estrategikoan (Euskal Unibertsitatearen proiektuan), bai hezkuntzaren ildoan (uda/negua, bertakoa/onlinekoa, etengabeko formazioa/graduondokoak) eta baita argitalpen eta datu-baseen jardunean ere (liburuak, aldizkariak, Inguma datu-basea,Unibertsitatea.net). Baina, bestetik, finantzazio aldetik arazo larrienak gainditu direnaren esperantzaz indarberrituta eta anbizio gehiagorekin lan egin nahi du, proiektu berriei ekiteko teknologia berrien laguntzaz, batez ere online irakaskuntzari begira ipinita. Ikerlari gazteen ildoa ere sendotu nahi du UEUk, beraien ikusgaitasuna bultzatuz eta haien arteko ezagutza sustatuz. Unibertsitatea.net atarian egiten ari garen elkarrizketa-sortaz gain, 2015eko udaberrirako ikerlari gazteen bilkura egiteko proiektua daukagu esku artean. Horrez gain, UEUren proiektuaren baitan parte hartzea indartu, gure eskaintza zabaldu eta euskalgintza zein hezkuntza alorreko beste eragileekin harremanak sendotu nahi ditugu".
Iñaki Alegria Loinaz (Donostia, 1958) Informatikan doktorea, EHUko irakaslea eta Ixa taldean ikerlaria da. 1984az geroztik UEUkide da eta sei urte eman ditu bertako zuzendaritzan. Horrekin batera, EHUko Informatika Fakultateko dekanordea eta Langune elkartearen zuzendaritza-taldekoa izan da orain dela gutxi arte. Horrekin batera Nazioarteko aldizkari eta kongresuetan 100 bat argitalpen egin ditu eta Inguman euskeraz 90 erreferentzia dauzka.