Iñaki Serranok irabazi du Mikel Essery lehiaketa
Mikel Essery V. Bidaia Kontakizun Lehiaketan Iñaki Serrano eibartarrak idatzitako Mali sutan lanari eman diote saria. Irabazlearen kontakizuna, beste hamaseirekin batera Mambo Poa 5 izenburuko liburuan eman dute argitara. Euskaraz idatzitako kontakizunari saria eman dioten lehen aldia izan da hau. Aurtengo edizioan 51 lan lehiatu dira, 30 gaztelaniaz, hamar katalanez, zortzi euskaraz, bi ingelesez eta bat galizieraz. Epaimahaiaren arabera, irabazleak "hizkuntza oso pertsonal eta aberats batean" idatzi du kontakizuna. Serranok dioenez, "beti izan dut gogoko bidaiatzea. Orain dela urte batzuk Malin egon nintzen, orain gerran dagoen gunean, eta lehengo eta oraingo Maliren arteko gogoeta izan da kontakizunaren ardatza". Lehiaketa irabazteagatik bidaia emango diote Serranori. Mikel Essery zarauztarra 2007an Yemenen atentatuan hil zen eta lagunek haren omenez kontakizun lehiaketa sortu zuten 2009an.