Inauguratu dute hiru egunetan Toribio Etxebarria kalean egongo den Eibarko Udako Aukeren Azoka

Gaur, bihar eta etzi 10:00etatik 20:00etara zabalduko dute.
Inauguratu dute hiru egunetan Toribio Etxebarria kalean egongo den Eibarko Udako Aukeren Azoka
2025/07/22 11:29
eta kitto!

Gaur goizean zabaldu dute Eibarko Udako Aukeren Azoka Toribio Etxebarria kalean, tokiko agintarien eta Eibarko merkataritzako ordezkarien parte-hartzea izan duen ekitaldian. Gaur, bihar eta etzi, uztailaren 22tik 24ra bitartean egunero zabalduko dute azoka, 10:00etatik 20:00etara. 

Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) eta Eibarko Udalak elkarlanean antolatu duten “factoring” edo merkealdien azokan 29 establezimenduk hartuko dute parte oraingo honetan: horietatik 20 Toribio Etxebarria kalean egongo dira, karpetan, eta gainontzekoek dendan bertan egingo dituzte eskaintza bereziak.

Euskeraz Primeran!

Urtero bezala, ...eta kitto! Euskara Elkarteak ere mahaia izango du Udako Aukeren Azokan, hiru egunetan 10:00etatik 12:30era, eta euskararen erabilera sustatzeko ekimena egingo du bertan.  Asmo horrekin, herritarrak euskararen erabilerarekin sentsibilizatzeko dinamika bat prestatu dute ...eta kitto! elkartekoek: “Dinamika horretan, postura gerturatzen diren herritarrek sektoreka bildu beharko dituzte denden logotipoak, eta euskararekiko konpromiso zehatzen bat hartu beharko dute. Trukean Euskeraz Primeran! ekimeneko erosketa-poltsa eramango dute eta, gainera, 100 euroko balioa duen erosketa-txartela irabazteko aukera ere izango dute”.