Iñigo Prieto, Basque Horror kolektiboa: «Itzioko institutua bera da gure dekoratua»
Eibarko 24 lagun inguruk osatutako Basque Horror kolektiboa urte eta erdi inguru darama proiektua prestatzen. Iñigo Prietoren ekimenez sortu zen ideia, eta Itzioko institutua beldurrezko istorio baten agertoki bihurtuko dute urriaren 31n. Baliabide mugatuekin, argiak, musika eta kea erabiliko dituzte giroa sortzeko, baina eraikina bera izango da dekoratu nagusia.
Nola sortu zen Eibarren Gau Beltza antolatzeko ideia?
Beti izan naiz beldurrezko gauzen zalea: filmak ikustea, escape roometara joatea eta antzeko esperientziak bizitzea gustatzen zait. Aspalditik nuen buruan horrelako zerbait Eibarren antolatzea, baina ez genuen ez lokalik ez baliabiderik.
2025eko martxoan proposatu nion ideia Kultura Sailari, eta gustatu egin zitzaien, baita alkatetzari ere. Gau Beltzaren inguruan zerbait antolatzea pentsatu genuen, gero eta jende gehiagok ospatzen duelako. Hasierako ideia txikiagoa zen, baina lokala aurkitzea izan zen arazoa. Azkenean, Itzioko institutua etorri zitzaidan burura. Korrika egitera joaten naiz sarritan inguru horretatik, eta eraikinak berak ere badu zerbait beldurgarria. Proposatu egin nuen, eta aukera hori aztertzea erabaki genuen.
Urte eta erdi inguruko prozesua izan da. Zer izan da zailena?
Batez ere, administrazio-izapideak. Kultura Sailarekin mezu asko trukatu behar izan ditugu, eta txostenak eta larrialdietarako plana ere prestatu behar izan ditugu. Azkenean, urrian jaso genuen ekitaldia egiteko baimena.
Antolaketa ekonomikoarekin ere izan ditugu zailtasunak. Hasieran, materiala erosi eta gastuak gero itzuliko zizkigutela pentsatu genuen, baina ezin genuen fakturarik egin, ez geundelako elkarte gisa eratuta. Azkenean, animazio-enpresa baten bitartekaritzarekin egin ditugu erosketak.
Nor dago proiektuaren atzean? Enpresa profesional bat dagoela entzun da.
Ez, Eibarko jendea gara, eta ilusioz ari gara lanean. Guztira, 24 lagun inguru gaude proiektuan. Ideia nirea izan zen, baina lagun askok bat egin dute, baita beldurrezko mundua bereziki gustuko ez dutenek ere.
Guztiok dugu gure lana eta eguneroko bizimodua; beraz, ez da erraza izan denbora ateratzea. Arratsaldeetan eta asteburuetan elkartu gara dena prestatzeko, eta oso pozik gaude egindako lanarekin.
Zergatik aukeratu duzue Itzioko institutua? Zer aukera ematen dizue eraikinak?
Itzioko institutua itxita egon da urte batzuetan, eta eraikinak berak badu beldurrezko giroa sortzeko aproposa den zerbait. Barrualdea ezagutzen ez genuenez, hara sartu ginenean ideiak egokitu behar izan genituen. Kanpoan argiztapen gutxi dago, eta barruan ere argi gutxi batzuek baino ez dute funtzionatzen.
Hasieratik pentsatu genuen eskola bera izango zela dekoratua. Ditugun baliabide mugatuak kontuan hartuta, eraikinaren ezaugarriak aprobetxatu ditugu.

Itzioko institutua ixtearen inguruko fikziozko istorio bat sortu dugu. Kontakizunaren arabera, ikasleek fenomeno bitxiak gertatzen zirela esaten zuten: zarata arraroak entzuten ziren, argiak itzali eta pizten ziren, eta ateak beren kabuz ireki eta ixten ziren.
Egoerak okerrera egin zuen atezaina hilda aurkitu zutenean. Gertatutakoa argitu ezinik, institutua ixtea erabaki zuten. Urte batzuk geroago, eraikina berriro ireki dute, eta bisitariak orduan sartuko dira istorioan. Hortik aurrera, eraikinean barrena egingo duten ibilbidean, kontakizun horretako hainbat egoera biziko dituzte.
Nola prestatu duzue ibilbidea? Zer aurkituko dute bisitariek?
Eraikinaren barruan hainbat gune prestatu ditugu, bakoitza bere eszenarekin: atezainaren bulegoa, ikasgela, erizaintzako gunea eta beste espazio batzuk. Ibilbide bat osatu dugu, sarrera eta irteera argi bereizita egon daitezen eta jendea barruan gal ez dadin.
Ez dugu aurrekontu handirik, eta ezin dugu dekoratu ikusgarririk eskaini, baina gauza politak prestatu ditugu. Argiak, musika eta ke-makinak erabiliko ditugu giroa sortzeko. Lehen entsegua egin dugu dagoeneko, eta ekitaldiaren aurretik beste proba bat egin nahi dugu, ezagunekin eta senideekin.
14 urtetik gorakoentzat dago gomendatuta. Zer-nolako beldurra bilatu duzue?
Jendea beldurtzea da helburua, baina ez dugu inor larritu nahi. Horregatik, 14 urtetik beherakoentzat ez dago gomendatuta. Pertsona bakoitzak modu batera biziko du esperientzia, baina norbait gaizki pasatzen ari bada edo aurrera jarraitu nahi ez badu, edozein unetan atera ahal izango da. Gelditu eta lagundu egingo diogu. Azken batean, aktoreak gara, eta dena da fikzioa.
Nola antolatuko dituzue sarrerak eta taldeak?
Ez dugu aurrez izena emateko sistemarik antolatu; izan ere, lehenengo aldia da eta ez dakigu zenbat jende etorriko den. Ilaran sartzeko sistema erabiliko dugu, eta hiru eta bost lagun bitarteko taldeak osatzen saiatuko gara. Talde txikietan esperientzia hobea da, denek ikusi ahal izango dituztelako eszenak; gainera, pasabide estuak daude.
Ibilbideak hamar minutu inguru iraungo du, eta talde batetik bestera bost minutuko tartea utziko dugu. Beraz, parte-hartzaile kopurua mugatua izango da. Horregatik, garaiz etortzea gomendatzen dugu; ilara luzea sortzen bada, baliteke denek sartzeko aukerarik ez izatea.
Zer esango zenieke beldurrezko esperientzia bat bizitzera animatzen ez direnei?
Animatzeko esango nieke. Badakit jende askori ez zaiola beldurra gustatzen, baina aukera polita da Gau Beltza beste modu batera bizitzeko. Gainera, norbaitek esperientzia utzi nahi badu, edozein unetan atera ahal izango da. Ez dugu inor gaizki pasatzera behartu nahi.
Zer arau bete beharko dituzte bisitariek?
Errespetua izango da arau nagusia. Barruan bete beharreko arauak azalduko dituen kartela egongo da, eta ez dugu onartuko errespetu faltarik edo aktoreak ukitzea. Herriko jendea gara, doan ari gara lanean, eta ez dugu onartuko inork esperientzia hondatzea. Arauak betetzen ez dituenak kanpora joan beharko du.
Bestalde, ibilbidea lasai egin beharko dute, korrika ibiltzeak eszenak galtzea eta istripuak eragitea ekar dezake-eta.
Zer gomendio emango zeniekete urriaren 31n Itziora hurbilduko direnei?
Ahal dela, autoz ez etortzeko gomendatzen dugu, inguruko aparkalekuak mugatuak dira-eta. Oinez igotzea komeni da, Laborategiko igogailuaren ingurutik. Eta, batez ere, garaiz etortzea, parte-hartzaile kopurua mugatua izango baita.
Lehenengo edizioa izanik, zer espero duzue? Etorkizunean errepikatzeko asmoa duzue?
Guretzat dena berria da, eta gauza asko inprobisatu behar izan ditugu, baina ilusio handia dugu. Nekatuta eta urduri gaude; dena garaiz prest edukiko ote dugun pentsatzeak loa ere kentzen dit batzuetan. Hala ere, oso pozik gaude taldeak egindako lanarekin.
Lehenengo edizio hau abiapuntu izatea nahi dugu, eta harrera ona badu, datozen urteetan esperientzia hobetzen jarraitzea. Ea jendea animatzen den eta Gau Beltza Eibarren hitzordu berezi bihurtzen dugun.

