Ione Gorostarzu izango da gaurko gonbidatua Harixa Emoten saioan "Ez da erditzea" poema-bildumarekin

"Ez da erditzea" amatasuna gai zentraltzat hartzen duen poema-bilduma da.
Ione Gorostarzu izango da gaurko gonbidatua Harixa Emoten saioan "Ez da erditzea" poema-bildumarekin
2024/12/10 12:50
eta kitto!

Gaur, hilak 10, izango da “Idazlearekin Harixa Emoten” euskarazko irakurketa klubaren saio berria, 19:00etan, Portalean. Gaurko saioan Ione Gorostarzu izango da, "Ez da erditzea" poema liburuari buruz berba egiteko. Taldeko kideek aukera izango dute liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko, eta Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa. 

Ione Gorostarzu Berastegin jaio zen 1984an eta Leitzan bizi da gaur egun. Historian lizentziatua da, Irakasletzan diplomatua eta Idazle Eskolako graduondoa ikasia. Lanbidez irakaslea. 2012an argitaratu zuen bere aurreneko poema-liburua: Des egiten.

 

Liburuaren sinopsia

"Ez da erditzea" amatasuna gai zentraltzat hartzen duen poema-bilduma: ama bihurtu aurreko emearen sentipena; haurdun bihurtzeak sortzen dituen larritasunak, pozak eta beldurrak; ama bilakatzearen sentimendu kontraesankorrak, maitasun eta ukazioen koktelaz; norbere amarekiko alaba izateak dakartzan buruhausteak… Gorputzaren presentzia eta sentsazioak oso nabarmenak diren 61 poema, erritmoz beteak, ama izan zein ez izan, esperientzia horren aberastasun ñabar guztia indarrez transmititzen dutenak eta enpatia pizten dutenak