Ipuruako Merkal Calzados dendak berriro irekiko ditu ateak datorren astean

Urtebete inguruko lan gatazkaren ondoren, langileek enpresarekin akordioa lortu dute.
Ipuruako Merkal Calzados dendak berriro irekiko ditu ateak datorren astean
2025/03/10 17:51
eta kitto!
Merkal Calzados Gipuzkoako langileek enpresarekin akordio batera iristea lortu dute, urtebete inguruko lan gatazkaren ondoren. ELAk azaldu duenez, l"ortutako akordioak plantillaren eskaera nagusiak jasotzen ditu: lan egutegia eta oporrak hobetzea". ELAk grebalarien iraunkortasuna azpimarratu du: "Izan ere, zortzi dendetatik lau itxita mantendu dituzte grebak iraun bitartean (Eibarkoa tartean), eta beste bi denda irekita egon dira soilik lanaldi erdian. Egoera hori funtsezkoa izan da Zuzendaritzak langileen aldarrikapenak negoziatzeko", ELAk azaldu duenez.
 
ELAk positibotzat jo du akordioa, eta honako hobekuntza hauek azpimarratu ditu: Urteko 16 orduko lanaldi murrizketa; bi astetik behin larunbat arratsaldeetan lanik ez egitea; norberaren aukerako egun bat izatea; Aste Santuko larunbatean lan egitea aukerakoa izatea eta, lan egiten duenarentzat, ordu bakoitzeko plus bat jasotzea; ordaindutako lizentziak eguneratzea, eta beste plus batzuen ordainketa, besteak beste.