Ipuruako Plan Bereziari onespena emateko Udal Batzarra egingo da gaur
Gaur (eguena, hilak 13) 19.00etan udaletxeko pleno aretoan egingo den Udal Batzarrak atal bakarra izango du: Ipurua Kirol Ekipamenduko Sistema Orokorraren Plan Bereziari behin betiko onespena ematea. Beraz, EAJ alderdiak orain dela egun batzuk egindako proposamena baztertuta lagako du gaurko Udal Batzarrak. Izan ere, Eva Juez EAJ-PNVko udal taldeko bozeramaileak "Ipurua handitzeko beharren inguruan piztutako eztabaida dela eta" herri kontsulta egitea proposatu zuen aurreko astean, "udalak Ipuruako Plan Berezia onartu behar duen ala ez eibartarrek erabaki dezaten". Azaldu zuenez, Plan Berezi horrek udalaren eskumenekoa den foball zelaiaren handitzea ahalbidetuko luke eta espaloiaren eta Santaiñeseko aparkalekuen gainetik egingo litzake. "Herritarrek Plan Bereziarekin zer egin erabaki ahal izateko, behar duen informazioa eman behar zaiela eta plana ikusteko moduan ipini behar dutela" gaineratu zuen. Jeltzaleak herrian piztu den eztabaidarekin arduratuta daude, "gaiak ikuspuntu ezberdina dute bizilagunak elkarren kontra ipini dituelako" eta alderdikideak herritarrek erabakitzen dutena errespetatzeko prest daudela aurreratu zuen.