Irailaren 22an egingo da bizikleten bigarren eskuko azoka Untzaga plazan

Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea
Irailaren 22an egingo da bizikleten bigarren eskuko azoka Untzaga plazan
2024/09/11 13:52
eta kitto!

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Europako Mugikortasunaren  Astearekin (SEM) bat egingo du aurten ere, irailaren 22an, Kotxerik Gabeko Nazioarteko egunean, egingo diren hainbat jarduerarekin. Ekimen honen bidez, garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak osasun publikoari eta ingurumenari dakarzkien onurei buruzko sentsibilizazioa bultzatu nahi da, bereziki garraio publikoa eta bizikleta erabiltzearen eta oinez ibiltzearen garrantzia azpimarratuz.

Alde batetik, egun horretan, irailaren 22an, domeka, bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azoka egingo da. 2018an hasi zen Udala merkatu hau antolatzen, eta, ordutik, urtero egiten da eta parte-hartze handia izaten du. Azken hiru urteetan, edizio bakoitzean ehun bizikletatik gora (edo mugikortasun jasangarriarekin lotutako beste objektu batzuk: patinak, kaskoak, patineteak, bizikleta-euskarriak…)  laga dira, eta horien % 45-50 inguru saldu dira merkatuak irauten duen lau orduetan zehar.  

Merkatua Untzaga plazan izango da 10:00etik 14:00etara bitartean. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea www.merkabi.eus/eibar estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da.

Bai bizikletak ba gainontzeko objektuak (betiere mugikortasun jasangarriarekin lotura dutenak) erabiliak izan behar dira eta egoera onean egon; gordailuan lagako dira aurretik hitzartutako orduan. Objektuen kasuan, hiru onartuko dira gehienez ere.

Azoka amaituta, salmentaren zenbatekoa entregatuko da, edo, bestela, lagatako objektua itzuli egingo da. Era berean, azpimarratu behar da ez dela onartuko 500 eurotik gorako preziorik; parte hartzeko adinez nagusia izan behar da eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira.  

Bestalde, goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpontzeko tailer bat ere egongo da Eibar Klub Deportiboak antolatuta, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren.

Era berean, arratsaldean, Eibar Klub Deportiboak bide-hezkuntzako haurrentzako zirkuitu bat eta ginkana bat antolatuko ditu Untzaga plazan (euria egiten badu Astelena pilotalekuan izango da). Jarduera hauek 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango dira.

Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bizikleta edota patinetea eramatea. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Azkenik, irailaren 22an bertan, ‘Autorik Gabeko Eguna’ egingo da; horretarako, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibar-Arrate autobus-zerbitzua doan izango da.

Kanpaina honen antolaketa Eibarko Udalak urtarrilaren 30ean onartutako 2022-2030 aldirako Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren (KEJEP) neurrien barruan kokatzen da. Plan horretan, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko hainbat neurri eta jarduera-ildo jasotzen dira.