Irantzu Pastor eta Igone Mariezkurrenaren “Lumineszenteak” erakusketa zabaldu dute Andretxean
Atzo arratsaldean zabaldu zuten Lumineszenteak, 63 historia emakumeen aurkako indarkeria ikusezinari buruz izeneko erakusketa Andretxean. Izenburu bereko liburua oinarri duen erakusketan India, Palestina, Ameriketako Estatu Batuetako Lakota herriko eta Euskal Herriko hainbat emakume anonimoren istorioak kontatzen dizkigute lanaren egileak diren Irantzu Pastor Ordokik eta Igone Mariezkurrena Fernandezek.
Lau urtez su motelean egositako kazetaritza, etnografia eta argazkilaritza lan autogestionatua da Lumineszenteak. Mimo eta errespetu handiz egindako entzute-prozesu baten azken emaitza. Prozesu horrek emakumeen arteko konplizitatezko (g)uneak ahalbidetu ditu protagonisten berezko espazioetan, non kontaezin, mingarri eta isildua dena konta daitekeen.
Gatazka armatuan, huts egindako bakean, okupazioan, larrialdi klimatikoan, pobretzean, bereizketan eta/edo arraza- eta/edo gizarte-indarkerian bizi, sufritu, borrokatu eta/edo irauten duten emakume anonimoen istorioak identifikatu, dokumentatu eta zabaltzen ditu erakusketa honek. Azaroaren 29ra arte ikusgai egongo den erakusketa honen bisita gidatua egingo dute itxi aurretik, azaroaren 28an, 18:00etan.