Jon Iraola (PSE-EE): “Etorkizuneko Eibar jasangarria, berdinzalea eta solidarioa izatea nahi dut”

Jon Iraola (PSE-EE): “Etorkizuneko Eibar jasangarria, berdinzalea eta solidarioa izatea nahi dut”
2023/05/19 13:15
eta kitto!

Zerk motibatu zaitu alkategai izateko zeure burua aurkeztera?


Funtsean, nire hiriaren alde lan egiteko eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko nahiak. Horrek bultzatu ninduen orain dela urte batzuk Eroskin egiten nuen lana albo batera lagatzera eta udalerriko bizitza politikoan murgiltzera. Eibar gidatzeko, bertako buru izaten jarraitzeko eta nire harri-koskorra jartzeko lehen eguneko gogo berari eusten diot, nire hiriak aurrera egin dezan, eta etorkizuneko Eibar jasangarria, berdinzalea eta solidarioa izan dadin, hala izan behar du-eta.


Alkatetza lortzen baduzu zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?


Ba, orain arte bezala, lehen eguneko gogo eta interes berarekin lan egiten jarraituko dut, 2021eko martxoan Alkatetza eskuratu nuenetik markatzen ari naizen lan-ildoari jarraituz. Niretzat, hauteskunde sasoian egoteak ez du ezer aldatzen helburuei edo lan-erritmoari dagokionez.


Zuretzat zeintzuk dira Eibarrek gaur egun dauzkan premia nagusiak? Eta zer planteatzen duzu horiei erantzuteko?


Erronketako bat hiriaren ekialdea berroneratzea da, aspalditik ari gara horretan lanean, proiektu eraldatzaileak prestatzen, hala nola Hijos de Gabilondo lantegi-etxe zaharrarren birgaitzea, Estaziñotik Azitaineraino trenbidearen gaineko pasealekua eraikitzea, Barrena kaleko Lapeyra industria-eraikin zaharrean babestutako etxebizitza gehiago egitea edo Txontan eta Murrategin milioi asko inbertitzea. Beste erronka garrantzitsu bat Udaletxea-Errebal oinezkoen ardatza sortzea da. Hau da, jendearentzako gune esklusiboa, autorik gabekoa, eta azken urteotan horren diseinuan lanean aritu gara. Ondo definitutako ibilbide-orria duen proiektua da, eta gauzatu ahal izateko dagoeneko aurkeztu ditugun bi obra garrantzitsu behar ditu: Ardantzan aparkaleku berri bat egitea, 52 ibilgailurentzako edukierarekin, eta anbulatorioko parkea eta Julian Etxeberria kalea berrurbanizatzea. Arraguetako berrurbanizazioa ere nabarmendu nahi dut, dagoeneko aurkeztu baitugu horretarako proiektua. Aparkaleku gehiago Urki eta Ubitxarako, auzoa berrurbanizatuta, eta hobekuntza garrantzitsuak Amañako eta Ipuruako irisgarritasunean.


Euskal kulturak eta euskarak zein lehentasun daukate zeuen programan?


Gure kultura eta hizkuntza lehentasuna izan dira eta izaten jarraituko dute. Zentzu horretan, Euskara Sailak Eibarren euskararen erabilera bultzatzeko eta areagotzeko egunero egiten duen lana goraipatzeko modukoa da. Orain dela hilabete batzuk, adibidez, Urrezko Bikain Ziurtagiria, euskararen erabileraren kalitatea neurtzen duen aintzatespen gorena jaso genuen Udalean. Eta, gainera, gure apustua irmoa da, baita ere, hirian euskararen eta gure kulturaren alde lan egiten duten kolektibo eta erakundeei ematen dizkiegun laguntza ekonomikoen eta lankidetzaren bidez. Izan ere, funtsezkotzat jotzen ditugu, eta egiten duten lanaren garrantzia eta egiten duten ahalegina eskertu behar zaie.


Estaziño-Azitain pasealekuaren proiektuak bizilagun askoren kexak eragin ditu. Zer daukazue proiektu horren inguruan esateko?


Hiriarentzat proiektu estrategikoa da. Beti ikusi izan dugu horrela, eta beti egin izan dugu haren aldeko apustua jendeaurrean, publikoki, eta modu erabat gardenean. Egia da proiektuak afekzioak dituela bizilagun batzuentzat, baina inoiz ez dugu hori ukatu, eta, une oro, kalte horiek ahalik eta gehien murrizten saiatu gara. Adibidez, jatorrizko trazadura aldatzea proposatuz, obra osatuko duten hiri-ingurunerako hobekuntzak proposatuz edo, are gehiago, Electrocicloseko (BOE) beheko solairuetako bizilagunei beraien etxebizitzak Eusko Jaurlaritzari saltzeko aukera edo, nahi izanez gero, beste etxe batzuengatik trukatzea planteatuz. Ziur nago proiektua oso onuragarria izango dela hiriarentzat, eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko duela, oro har. Ez dugu ahaztu behar proiektu hau ekialdeko eremuan gauzatuko ditugun eta osatzen duten beste proiektu batzuekin lotuta dagoela.


Errebal Merkatu Plazaren auziak desilusioa eta, kasu batzuetan, haserrea eragin du herritarren artean. Zein irakurketa egiten du zuen alderdiak?


Errebalen proiektuak intoxikazio eta desprestigio kanpaina triste eta interesatu bat jasan zuen, interes politiko argiekin, eta gobernu-taldea ahultzeko helburu bakarrarekin. Bereziki tristea izan zen iritzi publikoa gezurrekin manipulatu nahi izatea, baserritarren eta Rialtoko plazan postuak zituztenen egoerari buruz gezurrak esanez, udal gobernuari kalte egiteko asmo bakarrarekin. Batzuentzat politikan denak balio duela agerian lagatzeko adibiderik garbiena izan zen. Inolako eskrupulurik gabe.


Gogoratu beharra dago Errebal herritarren partaidetza-prozesu baten emaitza dela. Eta, gainera, gure Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu zuela proiektua. Ukaezina da obra egiteko arazoak egon zirela, eta arazo horiei aurre egin eta kudeatu egin behar izan genituela. Adibidez, Dragadosekin zegoen kontratua bertan behera utzi behar izan zen, udala muturreko egoera batera eramaten ari zen-eta. Eskuak ez zigun dardar egin. Eta, aldi berean, Dragadosek 300.000 eurotik gorako kalte-ordaina eman zigun. Beraz, arrazoi pixka bat izango genuen. Honek urtebete geldiarazi gintuen, eta gero pandemia etorri zen. Hala eta guztiz ere, Errebal hiriarentzat erakarpen-gune berri bihurtzea lortu dugu, espazio kultural berri bat, kalea onera ekarrita, eta bizilagunek oso ondo baloratzen duten aisialdirako gune atsegin eta polita sortuta. Horrez gain, hiriaren erdigunean aparkalekuaren arazoa murrizten lagundu dugu, 200 plaza berrirekin. Bai eta Merkatu Plaza berria martxan jarri ere, eta azoka hori garatzeko lanean jarraitzen dugu.


Zeintzuk izan beharko lirateke, zure ustez, industriaren aldeko politikak?


Ezer baino lehen, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari hiriko industria-sarea berreskuratzearen aldeko apustua egiteko eskatu nahi diet. EAJren esku dauden industria-arloko eta garapen ekonomikoko politikek Eibar albo batera lagatzen ari dira, modu sistematikoan. Matsariako SPRIren pabilioietara begiratu besterik ez dago: merkatutik kanpora dauden prezioak dituzte, eta urteetan ez da ezer egin egoera bideratzeko, Eibarren daukagun lurzoru beharrarekin. Gure eskumenetan oinarrituta, Udalak ekintzailetzaren eta industria-enpleguaren aldeko apustua egiten jarraituko du, eta ideia eta proiektu berritzaileak dituzten pertsonek horiek garatu eta antzeko ezaugarriak dituzten beste enpresa batzuekin partekatu ahal izateko espazioak sortzen jarraituko du. Gainera, laguntza programak eta deialdiak bultzatzen eta babesten jarraituko dugu, Eibarko industria-sarea indartzeko proposamenak gauzatzen eta ezartzen laguntzeko.


Nola uztartu daitezke, batetik, Eibarren oinezkoentzat espazioa lortzea eta, era berean, dagoen aparkaleku faltari erantzuteko neurriak aplikatzea?


Lehen aipatu dudan erdialdea oinezkoentzat jartzeko proiektua funtsezkoa da. Ezinbestekoa da erdigunean horren garrantzitsua den espazioa berreskuratzea. Baina modu ordenatuan egin behar da, lehenago gure programan planteatzen ditugun bezalako aparkaleku-irtenbideak eskainiz. Ardantzan bezala, adibidez, baina baita beste eremu batzuetan ere, hala nola Matsarian, Urki/Ubitxan edo Amañan. Horrek aukera emango digu eremu horietarako asmo handiko planteamenduak egiteko, espazio libre gehiago sortzeko. Oso beharrezkoak dira eta herritarrak behin eta berriz eskatzen ari dira. Gure helburua argia da, eta hori da gure lehentasun nagusietako bat.