Isabel F. Pejenaute (Elkarrekin Podemos): “Udal politikak pertsonengan zentratuko nituzke, eta ez adreilu eta porlanean”
Zinegotzi gisa nire lehen legegintzaldia izan denaren inguruko balantzea positiboa izan da. Egin dudan lana ona izan dela uste dut, ikuspegi feminista eta politika tradizionaletik asko ezberdintzen den ikuspuntuak eman ditut-eta. Asko ikasi dut Udalaren funtzionamenduari eta herritarren benetako premiei buruz. Gaur-gaurkoz, askoz esperientzia handiagoa dut maila guztietan, eta nire ahalegin eta borroka guztia eskaini ahal diet eibartarrei. Horregatik animatu naiz alkatetzarako nire hautagaitza aurkeztera. Gauzak aldatzea, nolako hiri-eredua nahi duen galdetzen duen jendearen konfidantza izatea espero dut.
Alkatetza lortzen baduzu zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Lehenik eta behin, udal-politikak pertsonengan zentratuko nituzke, eta ez adreilu eta porlanean, sozialisten gobernuek 30 urte baino gehiagotan egin duten bezala. Eibarren degradatuen dagoen ekialdean hiri-berroneratze integrala egiteagatik hasita. Berdeguneak eta oinezkoentzako guneak indartuko genituzke, aukera dagoen zati guztietan Ego erreka desestaliko genuke, gure mendietan eukaliptoak hedatzea berehala geldiaraziko genuke eta erabili barik dauden eraikin industrialak erabilera publikorako azpiegiturak bilakatzeko eraldatuko genituzke. Hori guztia ez litzateke herritarren ongizaterako bakarrik izango, dagoeneko jasaten ari garen klima-aldaketa lehengoratzeko urrats garrantzitsua ere izango litzateke.
Zuretzat zeintzuk dira Eibarrek gaur egun dauzkan premia nagusiak? Eta zer planteatzen duzu horiei erantzuteko?
Zalantza barik, Eibarren daukagun arazo nagusienetako bat etxebizitzarena da. Hori dela-eta, etxebizitza publikoen parkea sortzea da gure proposamenetako bat. Hartu beharreko beste neurri garrantzitsu bat alokairuzko etxebizitzen prezioari muga ipintzea litzateke. Eibarko langabezia-tasak eskualdeko altuenak dira, horregatik herri mailako enplegu-plana egitea proposatzen dugu, emakumeak, gazteak eta gizarte-bazterketa egoeran daudenak kontratatzean arreta berezia ipinita. Beste arazo larri bat trafikoari eta aparkamenduari lotutakoa da. Hiri-barruko garraioa bultzatzearen alde egiten dugu, baita bizikletaren (betikoa zein elektrikoa) erabilera sustatzearen alde. Aparkalekuei dagokienez, erdigunea arinduko duten aparkaleku perimetralen aldeko apustua egiten dugu. Herritarren ohiko beste kexa bat gure hiriko zikinkeria da. Horregatik, kale-garbiketa indartzearen aldeko apustua egingo dugu, gaueko garbiketa-txanda ezartzea bultzatuz, gailu eta ibilgailu elektrikoekin, jasangarriagoak izateaz gain zarata gutxiago egiten baitute. Gizartea kontzientziatzeko kanpainak ahaztu gabe.
Euskal kulturak eta euskarak zein lehentasun daukate zeuen programan?
Euskera, euskal herritarren hizkuntza, zalantzarik gabe, gure ondare kultural eta ez-materialaren ondasunik baliotsuena da. Hizkuntza minorizatua denez, eta gaur egun ere, ingelesa nagusi den sare sozialen gorakadagatik etengabeko arriskuan dagoenez, gure betebeharra da hizkuntza horri eustea ez ezik, haren erabilera eta ikaskuntza bultzatzea ere, baita Eibarko euskalkiarena ere. Horregatik, beti eskatu izan dugu euskera ikasi nahi dutenek horretarako aukera izatea, dohainik. Ez bakarrik euskaltegietan, baita langabeentzako ikastaro trinkoak eskainita ere. Funtsezkotzat jotzen dugu, baita ere, gure haur eta gazteentzat euskarazko kultura-eskaintza handiagoa sustatzea. Izan ere, beraiek bermatuko baitute gure hizkuntza ez dela galduko.
Estaziño-Azitain pasealekuaren proiektuak bizilagun askoren kexak eragin ditu. Zer daukazue proiektu horren inguruan esateko?
Hasiera-hasieratik, proiektu honen aurka egon gara eta, jakina, nahiz eta guk eskatu, ez zaie herritarrei galdetu. Seigarren solairu baten altuera parean pasealeku bat egiteak ez du inolako zentzurik, alternatiba bat egon badagoela ondo dakigunean: pasealekua Barrena kaletik egitea eta, horrela, inguru guztia hobetu eta biziberritzea. Are gehiago Udalak Gabilondoren eraikina erosi eta gero. Eibarrek ez du porlan gehiago behar, soberan daukagu eta.
Errebal Merkatu Plazaren auziak desilusioa eta, kasu batzuetan, haserrea eragin du herritarren artean. Zein irakurketa egiten du zuen alderdiak?
Desilusioa labur geratzen den hitza da. Haserrea. 14 urte obrak eta horien eragina jasan eta gero, eta milioika euroko gastuaren ondoren (bide batez, ezin izan dugu kostuaren zifra zehatza eskuratu), Eibarko Merkatu Plaza galdu egin dugula izan da emaitza. Horren ordez, porlanez inguratutako eraikin zatar-zatarra daukagu, sei postuko miniplazarekin, eta horietako lauk hutsik jarraitzen dute; talde sozialistak aldarrikatzen zuen “zonaldeko kultur-motorra” ez diren lokal gutxi batzuk; eta bakarrik kontzertuetarako erabiltzen den plaza estalia, eta hori ere birmoldatu egin behar izan da, gainera, lehen kontzertua egin eta gero akustika txarra zela konturatu ziren-eta. Eta, hala ere, Iraola jauna “kudeaketa eredugarria” izan dela esaten dabil, eibartarrei barre eginda. Asko ahalegindu beharra dago gauzak okerrago egiteko. Ikaragarria.
Zeintzuk izan beharko lirateke, zure ustez, Industriaren aldeko politikak?
Ezin dugu jarraitu Eibarko industria inguruko herrietara alde egiten lagatzen, urteetan gertatzen ari den bezala. Adibide bat ipintzearren, hor dago Matsariako industrialdea. Eibarko enpresak bertara eramateko asmoz egin zen, baina bertako pabilioien neurrigabeko prezioengatik askok Eibartik kanpora joateko erabakia hartu zuten. Gure enpresentzat arrazoizkoak diren prezioak eskaini behar ditugu. Enpresekin elkarlanean, horien lehiakortasunaren inguruko azterlan bat, teknologiak eta adimen artifizialak gaur egun suposatzen duten erronkei aurre eginez, egin beharko litzatekeela uste dugu. Eibarko Erakustazoka eratzea ere sustatuko dugu. Industria arloan, Eibar berriz ere erakargarria izatea lortu behar dugu.
Nola uztartu daitezke, batetik, Eibarren oinezkoentzat espazioa lortzea eta, era berean, dagoen aparkaleku faltari erantzuteko neurriak aplikatzea?
Bi horiek uztartzea posible izateaz gain, guztiz beharrezkoa dela pentsatzen dut. Eibar espazio librerik ez duen, automobilentzat pentsatuta dagoen hiria da. Zalantza barik, hori aldatu beharra dago. Pertsonentzat pentsatutako hiri baten aldekoak gara, pausoz-pauso egindako peatonalizazioekin, horrela pertsonentzat eta ez bakarrik ostalarien terrazetarako espazio publiko gehiago lortzeko. Pasiatzeko edo banku batean jarrita atseden hartzeko aukera ematen duten parkeekin, ibilgailuek etenbarik sortzen dituzten ke eta zarata barik. Hori guztia hiri-garraioaren erabilera eta sustapenaren eskutik joan behar da, automobila laga eta hiritik oinez ibiltzeak dauzkan abantailen inguruan herritarrak kontzientziatuz. Eta, automobila laga ahal izateko, aparkaleku perimetral publiko eta doakoen aldeko apustua egiten dugu. Horrekin batera, erabiltzen ez diren eraikin industrialak ere aparkaleku publiko eta doakoak eraldatzearen alde gaude, zoritxarrez horrelako eraikin asko aukeran dauzkagu-eta. El Corte Inglesaren eraikinetik hasita.