J.A. Mogel ikastetxekoak Izuan egon dira landaketak egiten

3-4 laguneko azpitaldeak osatuz, ia hirurehun zuhaitz landatu dituzte
J.A. Mogel ikastetxekoak Izuan egon dira landaketak egiten
2024/11/20 13:36
eta kitto!

J.A. Mogel ikastetxeko 5.mailako ikasleak Izua inguruan, Urkoren magalean egon dira landaketak egiten. Izan ere, Eibarko Udaleko Ingurumen Saila Pagaegikorta proiektua aurrera eramaten ari da inguru horretan baso autoktonoa berreskuratzeko helburuarekin, eta ikastetxeak landaketak egitera joateko gonbitea jaso zuen.

Ikastetxetik azaldu digutenez, "ikasleek bertako baso espezieak landatu dituzte. 3-4 laguneko azpitaldeak osatuz, ia hirurehun zuhaitz (gorostiak, haritzak, gereziondoak, elorri zuriak...) izan dira landatu dituztenak.  Landatu ondoren, ezkurrak ereiteko tailer bat egin dute, eta landare autoktonoen ugalketa-metodo nagusiei buruzko azalpenak entzun dituzte. Aurten erein  dituzten ezkur horiek,  ikastetxean zaindu eta, etorkizunean Pagegikortako lursail honetan landatzeko izango dira".  Amaitu ondoren, bertan bazkaldu eta oinez jeitsi ziren ikastetxera.

Ekimen honek, asteburuan, Baso Biziak  antolatutako Zuhaitz Landaketan parte hartzeko gogoa piztu du gazteengan eta helduen laguntzarekin gure basoak ugaritzeko lanean jarraituko dute.