Jaietako lehen akordeak
2018/06/15
07:50
eta kitto!
Sanjuanak datoz eta bost axola euriak, haizeak, tenperatura freskoak eta dena delakoak. Pikutara joan dadila meteorologia, festa izango da eibartarron ardura datozen asteotan. Jai-giroan bustitzeko aukera izango dugu asteburu honetatik aurrera, baina San Juan jaietako pegatina irabazleak esaten duen bezala, ‘Itxo barik’. Musika izango da protagonista Sanjuanetan, nola ez, eta bihar entzun ahal izango dira jaietako lehen akordeak.
Pixkanaka-pixkanaka San Juan jaietako lurrina duten ekintzak egin dira ekainean zehar. Ikasturte amaierako ikuskizunak, poesia-emanaldiak, kirol-txapelketak... denetariko saioak izan ditugu, baita Eibar Rugby Taldeak urtero antolatzen duen garagardo feria ere. Garagardo karpatik irten eta errepidearen beste aldean rock musikak gorputzak astinduko ditu bihar. The Vartools eibartarrek eta Shinova berriztarrek emanaldi indartsua eskainiko dute bihar 22:00etatik aurrera, Sanjuanei hasiera ez ofiziala emateko gogotsu.
Joan den urteko uztailetik zuzeneko kontzerturik jo gabe dago The Vartools. Disko berria buru-belarri prestatzen dabil talde eibartarra, baina grabaketan etena egingo du gaur Zaldibarren eta bihar gurean kontzertuak eskaintzeko. “Zuzenean jotzeko gogo handiarekin gaude”, adierazi digu Ion Larreategi abeslariak. “Diskoan entzuten dena baino gehiago gustatzen zaigu zuzenekoa, indar gehiago izaten du. Zuzenekoetan hazi egiten gara”. Maiatzean Logroñon jotzekoak ziren, baina antolatzaileek kontzertua bertan behera utzi zuten euri pixka bat egiten zuelako. “Lau tanta jausi ziren eta soinu teknikariek esan zuten ez zutela arriskatu nahi. Tira, orain gogo gehiagorekin joko dugu Eibarren. Hemen ez gara kikilduko pare bat tantarengatik”. Etxean joteko gogotsu daude eibartarrak, “berezia da guretzat”.
Disko berria kalean egon ez arren, kantu berri guztiak jotzeko asmoa dauka The Vartoolsek. “Aurreko diskoko abestiez gain, disko berri osoa joko dugu eta pare bat bertsio ere egingo ditugu”. Udatik bueltan disko berria amaitu eta udazkenean aurkezteko asmoa dauka The Vartoolsek. Irailean hasi ziren grabaketarekin, “baina lasai hartu dugu, maitasun handiko diskoa egiteko”.
Berriz, Berlin, Eibar
Ion Larreategi eta Mikel Gauger The Vartoolseko kideentzat ezaguna izango da euren ostean Untzagako eszenatokira igoko den taldearen abeslaria. “Orain dela hainbat urte proiektu musikala abiatu genuen Shinova taldeko Gabriel de la Rosarekin”, esan digu Larreategik. Berrizko taldea da Shinova eta The Vartoolsekin batera gau borobila eskainiko duela uste du musikari eibartarrak. “Estilo ezberdinak ditugun taldeak gara, zuzeneko dotorea daukagu biok eta elkarren osagarriak garela uste dut”.
The Vartoolsen Estatu Batuetako hegoaldeko soinuak albo batera utzi eta pop-rock eta rock alternatiboa ekarriko digu Shinovak. Hamar urteko ibilbide arrakastatsua dauka Berrizko taldeak eta ia etenaldi barik dabil han eta hemen kontzertuak eskaintzen azken urtean zehar. Azkena, adibidez, Berlineko Ribera Winesounds Fest jaialdian.
Eskaintza musikal indartsu hau kontuan izanda, San Juan jaiak hasi direla esan daiteke. Aperitiboa baino gehiago izango da bihar Untzagan eskainiko dena.