Jardiñetan bi igogailu jartzeko proiektuaren lehen fasea abiatu dute
Eibarko Udalak Jardiñetako lehen igogailua egiteko obrak lizitaziora atera ditu, 1.001.964,70 euroko aurrekontuarekin, BEZa barne. Lanek 33. eta 35. atarietako irisgarritasuna hobetzea dute helburu, eta zortzi hilabeteko epea aurreikusi dute horiek amaitzeko.
Jarduketa bi igogailu jartzeko proiektuaren lehen fasea da. Udalaren asmoa da, horien bidez, etxebizitzen eta kalearen arteko joan-etorriak erraztea, bereziki eskailerak eta desnibelak gainditzeko zailtasunak dituzten bizilagunei.
Gaur egun, 33. eta 35. atarietara iristeko, eskailerak igo behar dira, auzoak 7,70 metroko desnibela baitu. Gainera, eraikin horiek ez dute ibilgailuentzako zuzeneko sarbiderik. 29. eta 31. atariek, berriz, aparkaleku txiki batetik dute ibilgailuentzako sarbidea, Udalak azaldu duenez.
Lehen igogailuak zortzi lagunentzako lekua izango du, eta 7,50 metroko desnibela gaindituko du. Etxebizitzetara iristeko oinezkoentzako bideak ere egokituko dituzte. Ingelan SL enpresak idatzi du proiektua, eta igogailua zein bideak ingurunean txertatzea aurreikusten du.
Obrak prozedura irekiaren bidez esleituko dituzte. Jon Iraola alkatearen arabera, lizitazioa urrats garrantzitsua da bizilagunek aspaldidanik eskatzen duten hobekuntza gauzatzeko. Andoni Ameztoy Obretako zinegotziak, berriz, proiektua prestatzeko eta obrak kontratatzeko egindako lan teknikoa eta administratiboa nabarmendu du.
Lehen fasea amaitutakoan, bigarren igogailua jartzea da Udalaren asmoa, 29. eta 31. atariei zerbitzua emateko. Bigarrenak 10,25 metroko desnibela gaindituko luke; lehenengoak, berriz, 7,50 metrokoa. Biek zortzi lagunentzako lekua izango lukete.
Jarduketa irisgarritasuna hobetzeko Udalaren planaren barruan dago, eta Jardiñetako aparkalekua handitzeko eta hobetzeko egindako lanei gehituko zaie.

