Jauzi Ekosoziala aurkeztu dute Eibarren trantsizio ekosoziala bultzatzeko asmoz
Zapatu goizean Jauzi Ekosoziala aurkeztu zuten Eibarren, trantsizio ekosoziala bultzatzeko Euskal Herriko Euskal Herriko eragile transbertsala. Untzagan egin zuten topaketan Nerea Zuluagak eta Hodei Rodriguezek hartu zuten hitza eta, euren berbetan, “larrialdi egoera bete-betean gaude”, eta Jauzi Ekosozialak egoera horren neurriko erantzun indartsu eta osatu bat emateko beharrari erantzuten diola aipatu zuten, Berriak jaso duenez.
Jauzi Ekosozialaren helburu nagusia justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzea da. Horretarako, borroka kulturala sustatuko dute ahalik eta gizarte arlo gehienetan, herritarren atxikimendua lortu eta gehiengo soziala eratu asmoz. “Ekosoziala terminoa erabiltzen dugu, ulertzen baitugu krisi ekologikoa krisi soziala dela: sozioekonomikoa kausetan, sozioekonomikoa ondorioetan”, diote mugimendutik.
Bestelako helburuak ere baditu Jauzi Ekosozialak. Hala nola, trantsizio ekosozialaren inguruko gogoeta gizarteratzea, ekologismoan aktibatuta ez daudenengana heltzea eta alternatiba integral bizigarriak planteatzea.
Hiru urteko ibilbidea
Krisi ekosozialaren neurriari erantzun indartsu eta osatu bat eman ahal izateko asmoz, hausnarketa prozesua abiatu zen 2021ean Hego Euskal Herrian. Bide horretan, 2022an Ekotopaketak egin ziren, mugimenduaren mugarri nagusia. 500 lagun inguru elkartu ziren Portugaleten eta euskal ekologismoak tresna berri bat behar ote zuen galderarekin amaitu zuten saioa. Galderak parte-hartzaileen %97-aren baiezkoa jaso zuen eta, lanketa egin ondoren, iazko urtarrilean Jauzi Ekosoziala dinamika aurkeztu zuten.
Zazpi hilabeteko eztabaida prozesuaren ondoren Jauzi Ekosoziala jaio da, zapatuan Untzagan aurkeztu zuten tresna. Datozen hilabeteei begira, mugimenduak kanpaina abiatuko du udan, “gehiegikeriaren gizarte honetan nahikotasunez jokatzeko beharra” aldarrikatzeko.
Horrez gain, Jauzi Ekosoziala Euskal Herriko lurraldeetan errotzeari ekingo diote, lurralde bakoitzeko talde egonkor bat eratu eta eskualdetako taldeak sortu asmoz.
💥 HEMEN GAUDE! #EginJauzi pic.twitter.com/V4CuY9VH1k
— Jauzi Ekosoziala (@JauziEkosoziala) May 4, 2024