Javier Gorosabel astrofisiko eibartarraren omenezko II. Astronomia Topaketa egingo da urtarrilaren 30ean Coliseon

Espainiako Astronomia Elkarteak (EAE) eta Eibarko Udalak antolatuta, Javier Gorosabel II. Astronomia Topaketa egingo da datorren barixakuan, 18:30ean Coliseo antzokian. Ekitaldian zientzia, dibulgazioa eta kultura batuko dira, gaur goizean Portalean egindako aurkezpenean aurreratu dutenez.
Javier Gorosabel astrofisiko eibartarraren omenezko II. Astronomia Topaketa egingo da urtarrilaren 30ean Coliseon
2026/01/15 13:32
Silbia Hernandez Arrazola

Jon Iraola alkateak eta Andoni Zabala kulturarako zinegotziak azaldu dituzte jardunaldiaren nondik norakoak, bideo-deiaren bidez parte hartu duen Ana Guijarro astrofisikoarekin batera. Guijarrok Calar Altoko (Almeria) teleskopioaren ardurduraduna da, eta Javier Gorosabel (1969-2015) astrofisiko eibartarrarekin aritu zen bertan lanean. Gogora ekarri dutenez, Gorosabel bere belaunaldiko astronomorik nabarmenetako bat izan zen mundu mailan, eta baita oso figura garrantzitsua ere gamma izpien leherketa kosmikoen ikerketan. Nabarmendu dutenez, haren karreraren azken 15 urteetan zientziari egindako ekarpenak erabakigarriak izan ziren, eta, gaur egun ere, nazioarte mailako astronomia-komunitateak goraipatu egiten ditu: “Astrofisikoaren heriotza goiztiarrak eten egin zuen bere karrera zientifiko bikaina, nazioartera begira ere proiekzio handia zuena, zalantzarik gabe”.
Jon Iraola Eibarko alkateak topaketa honen garrantzia nabarmendu du: “Javier Gorosabel talentuaren, esfortzuaren eta zientziarekiko konpromisoaren adibide argia da. Eibarren haren memoriak bizirik jarrai dezan nahi dugu, eta, era berean, belaunaldi berrien artean zientzia-bokazioak sustatu”. 
Ana Guijarro astrofisikoak, Gorosabelek egindako ikerketa-lana azpimarratzeaz gain, dibulgatzaile gisa izan zuen garrantzia azpimarratu du: “Astronomiaren arlo amateurrean behatokiak sortu zituen haientzat, hiritarren zientzia-proiektuetan ere parte hartu zuen eta ikerketa-lanetan kolaboratzaile izan zen amateurrekin. Astronomiako Espainiako Sozietateak profesionalen eta amateurren arteko elkarlanari aitortza egiteko saria sortu zuenean, ez zen zalantzarik egon: Javier Gorosabel izena izan behar zuen”  
Jardunaldia aprobetxatuta, Teknikerrek aurkezpen labur bat egingo du Aztarna Sinoptikoak antzemateko Teleskopio Handiaren garapenean egiten ari diren lanari buruz. Horrez gain, Javier Gorosabelen senitartekoak, Iñaki Ordoñez Iruñeko Planetarioko arduraduna, Maite Arroitajauregi musikaria eta Teknikerreko ordezkariak egongo dira, besteak beste.
Topaketan zehar, Astronomiako PROAM Lankidetza Saria emango zaio OMEGA Asturiasko Astronomia Elkarteari, eta egiten duen lan dibulgatzailea aitortu. Halaber, zuzeneko konexioa egingo da Calar Altoko Behatokiarekin (Almeria).
Andoni Zabala Kultura zinegotziaren hitzetan, “topaketa hau aukera bikaina da astronomia publikoari gerturatzeko eta demostratzeko zientziak ere baduela emozionatzeko gaitasuna, alegia, gure bizitza kulturalaren parte izan daitekeela”.

Topaketaren kartela Leire Kareaga Udal Margo Eskolako irakasleak egin du.