Jazarpen sindikala salatu dute Alfako komiteko LAB-eko ordezkariek
LAB sindikatuak deituta, atzo (eguaztena, hilak 5) elkarretaratzea egin zuten epaitegi parean "Alfako zuzendaritzak sindikatuko ordezkariei egindako jazarpena salatzeko". Protesta egiten zuten bitartean, LAB-eko ordezkari biren kontrako epaiketa bana egiten ziharduten barruan. Sindikatuko ordezkarien berbetan, "delegatu bat hilabete birako etxera bidali dute, soldata barik, enpresak egin nahi zituen kaleratzeak salatzeko ekintza sindikala egiteagatik. Eta beste behargin bati, hauxe ere LAB-eko afiliatua eta grebalaria, beharrean egindako akatsarengatik zigorra ezarri diote". Kasu bien kontrako helegitea aurkeztu du sindikatuak eta, salatu dutenez, "horrelako zigorren helburua beharginak kikiltzea eta zuzendaritzak nahi duena inor kontra eduki barik egitea da. Hori dela eta, behargin asko depresio, antsietate eta bestelakoengatik bajan daude".