Jesus Ordovas, musika kritikaria: “The Beatles-en ondoren, ezer gutxi sortu da musika munduan”
- Zer nabarmentzeko asmoa duzu Portalean emango duzun hitzaldian?
The Beatles taldeak pop-aren kulturan izan duen pisuaz aparte, beste arlo batzuetan ere benetako iraultza ekarri zuela erakutsi nahi dut. Horrek oraindik eragina du gaur egun, asko izan baitira iturri horretatik edan dutenak; ez da une hartako urrats bat, indarrean jarraitzen du.
- “Euren ondoren ez da ezer berririk sortu” esan izan duzu noizbaiten. Titular bat da ala badago beste zeozer horren atzetik?
Egia da: esaldiak balio du elkarrizketa baterako edo liburu bateko titulurako. Baina, neurri handi batean, egia da: musikan diharduten talde guztiek eurek egindakotik edaten baitute, jakinaren gainean edo jakin gabe. Rock and rollaren ondarea jaso zuten eta, baita, mendebaldeko musikako genero guztiak (soul, rhythm and blues, country, ...). Hortik aparte, ekialdera ere jo zuten: bai John Lennonek Yoko Onorekin izan zuen harremanari esker, eta baita Georges Harrisonek Ravi Shankarekin izan zuenarengatik.
- Zer botatzen duzu faltan gaur egungo musika taldeetan?
Talde gehienek euren erroak pop musikan dituzte. Hor David Bowie, Bob Dylan, Chuck Berry... eta The Beatles dira oinarri. Nik eskatuko nieke ez kopiatzeko hainbeste, ez begiratzeko orain arte editatutakoari bakarrik. Ulertzen dut talde batek bere bidea egiten hasten duenean bertsioekin ekitea, baina hortik aurrera zeozer berria sortu behar dute. Aldaketak, egotekotan, musika elektronikoan eta hip-hopean egon dira, nahiz eta hor ere The Beatlesi jarraitu dieten. Begirada unibertsala falta zaie, orokorrean.
- The Beatlesetik aparte, zein taldek aportatu diote gehien musika munduari?
Estatu mailako pop musikari begiratuta, Los Brincos, zalantzarik gabe. Euren lehen diskoko lan guztiak originalak izan ziren, hemengo The Beatles izatea helburu zutelako. Hor bai dagoela sormena eta kreatibitatea: Espainiako pop-aren oinarria dira. Reggaen eta ska-n izan ziren halako beste mugimendu batzuk.
- Zer eskatzen diozu talde bati gerora erreferente moduan hartua izan dadin?
Inguruan erreferentea izan da, esaterako, Los Planetas taldea, Granadakoa eta musika indie egin duena. pop-etik abiatuta musika unibertsala egin duelako. Los Ramonesen lana ere aipatzen da, baina horiek ez zituzten pop musikaren arauak apurtu. Badira taldeak musika klasikoaren korapiloetan sartzen direnak, beste batzuk flamenkora jotzen dute...
- Zer gertatu zen `movida madrileñarekin´? Non geratu zen?
Mugimendu hori hedatu egin zen; ez da lausotu. Hortik irten ziren Loquillo, Siniestro Total, Juan Perro eta Los Secretos, esaterako, eta eurak dira gaur egun estatuan egiten denaren oinarria. Indiek, aldiz, iparra galdu zuten ingelesez kantatzen hasi zirenean: hizkuntza jakin barik, kopiak egiten hastea handianahia izatea delako.
- Azken hogei urteotan musika munduan ezer gutxi aurreratu dugula jarraitzen duzu pentsatzen?
Argi dago, bai mundu mailan eta baita estatura mugatuta. The Beatlesetik eboluziorik egon ez den moduan, gauza bera Radio Futura eta Nacha Popetik honaino.
- Musika kritikariok pisu handia duzue? Baloratuak sentitzen zarete?
Lan egiten duzun medioaren arabera. Fanzine batean idazten duenak eragin gutxiago izango du, baina irratian eta telebistan 30 urtetik gora egin badituzu, esandakoaren edo idatzitakoaren pisuak bere tamaina
izango du, onerako zein txarrerako.
- Azken aldian jarraitzerik merezi duen talderik aurkitu duzu?
Azken asteburuan, esaterako, La Bien Querida taldea ikusten egon naiz eta gaur egun inguruan dugun onenen artean kokatuko nituzke.
- Euskal Herriko taldeei dagokienez...
Asko jarraitu nuen euskal rock erradikala eta beste talde batzuk: Negu Gorriak, Duncan Dhu, La Buena Vida... Derribos Arias asko gustatu zitzaidan bere unean. Talde aberatsak izan ziren. Euskera ez jakitean, ez naiz ausartzen hizkuntza horretako musika taldeei buruz iritzirik ematen.
- The Beatles banatzea une hartan onerako izan zen?
Eurek ere horrela onartu zuten: horrela zela onena, unea aproposa zela. Azken aldian nahasketak egiteko bakarrik biltzen ziren, bakoitza bere aldetik zebilen eta egin beharrekoa egina zuten.