JO TA KE abestuko dute Su Ta Gar taldeko Aitorrek eta Xabik Reale Arenan gaur gauean
Gaur gauean, martitzena, Su Ta Gar taldeko Aitorrek eta Xabik JO TA KE abestia joko dute Reala eta Mallorcaren partidaren aurretik. Partida zuzenean emango du ETB1ek, 21:00etan hasiko den saio bereziaren barruan. Norgehiagoka 21:30ean hasiko da, baina minutu batzuk lehenago adi egon zaitezte eibartarren emanaldia ez galtzeko.
Talde txuri-urdinetik adierazi dutenez, "ez dago esaldi hoberik historikoa izan daitekeen beste gau baterako. `Jo ta ke, irabazi arte´ da Reale Arenan entzuten den ohiko animo oihuetako bat. Eta, gau berezi honetarako, bere sortzaileak datoz, familia txuri-urdin osoarekin batera hura abesteko".
Realak eta Mallorcak Errege Kopako finalerako lehen txartela dute jokoan, Reale Arenan. Joaneko partida hutsean amaituta, Imanolen taldeak azken lau urteetako bigarren finala jokatzea du helburu. Azkena 2020. urtean jokatu zuten, eta irabazi, Athleticen aurka.