Jon Alonso eta Jurgen Landa eibartarrak izango dira `Ztanda´ telebista saioaren denboraldi berrian
Atzo hasi zen ETB1en Euskal Herriko artistarik onena bilatzea helburu duen 'Ztanda' saioaren bigarren denboraldia, eta Jon Alonso eta Jurgen Landa abeslari eibartarrak arituko dira lehian beste 11 artistarekin batera. Biak abeslari bikainak dira, Eibarko Koro Gaztean ibilitakoak, eta herriko hainbat musika proiektutan hartu dute parte. Asteartero jarraitu ahal izango dugu saioa, 22.30ean. Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria, Klara Mendizabal sopranoa, eta bere agurra iragarri berri duten Gatibuko Alex Sardui abeslaria eta Chill Mafiako Beñat Rodrigo 'Kiliki Frexko' kide eta abeslaria ariko dira abeslarien jarduna epaitzen.
Aurten ere 13 lagun arituko dira lehian, hamar astez. Artistarik onenak 15.000 euroko saria eskuratuko du, baita Euskal Herriko abeslari onenaren titulua ere. Miriam Lujua izan zen aurreko edizioko irabazlea, eta Julen Leturiondo eibartarrak ere hartu zuen parte.
Lehiakideek garai guztietako euskal kantak interpretatu beharko dituzte, baita nazioartekoak ere. Emanaldiak prestatzeko bi coach izango dituzte: Adrian Garcia de los Ojos musikaria, ahotsa lantzen laguntzeko; Paula Bujanda dantzaria, koreografiak prestatzeko. Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztuko dute saioa.