Jon Maia: “Jendeari ikusarazi nahi nion, oso txikiak izan arren, oso handia den historia baten parte garela”
Hamalau abestik eta 60 orriko poemak osatzen dute ‘Kantu berri bat gara’ lana. Maiak izen handiko kolaborazioak jaso ditu lanaren sorkuntzan, eta harribitxiz beteta aurkezten zaigu urretxuarraren obra. Silvio Rodriguez euskaraz abesten entzun dezakegu! Orain, zuzeneko ikuskizunak eskainiko ditu eta Eibarren ikusteko aukera izango dugu urtarrilaren 12an, 19:00etan, Coliseon. Sarrerak salgai daude dagoeneko Kutxabanken eta Coliseoko leihatilan ohiko egun eta ordutegian.
Disko-liburuaren aurkezpenean esan zenuen ‘Kantu berri bat gara’ zure lanik handiena dela. Zergatik?
Euskal Herria ulertzen dudan moduaren tesia azaltzen da hemen. Aurreko lan edo kantu batzuetan nire bizitza intimoa eta Euskal Herriaren historia elkarlotzeko ariketa egin izan dut, eta uste dut hemen dagoela hori bere modurik handienean edo osoenean. Diskoaren zenbait kantutan eta liburuko poema luzean nire bizitza intimoa eta Euskal Herriko historia kolektiboa etengabe elkar gurutzatzen ditut. Lan honetan ez daude kantuak bakarrik, aipatutako poema ere badago. Gero, ilustrazioak daude, kontzertuan mugimenduarekin proiektatuko direnak, eta baita kolaborazio asko ere. Geruza asko dira, banan-bana landu behar dituzunak. Beraz, horregatik da hau egin dudan lanik handiena eta konpletoena.
Esan bezala, zure bizitza pertsonala eta Euskal Herriko historia uztartu dituzu, eta aurkezpenean hunkituta azaldu zinen. Lanketa prozesua ere hunkigarria izan da?
Sorkuntza prozesu hauek oso prozesu intimoak dira. Barruan ere ariketa asko egin behar dituzu eta asko pentsatu, gogoratu eta hausnartu behar duzu. Idazten duzunean ere berpentsatu egiten duzu askotan: “hau jarriko dut ala gehiegi da?”, “hau leunduko dut?”, “hau esna beharra dago edo ez’”, “horrela esango dut?”... Bidean zalantza asko edukitzen dituzu. Niretzat hunkigarria da, ez dakit etorkinen semea naizelako edo, egiten dudan gauza bakoitza Euskal Herriari eta euskarari eman didana itzultzeko egiten dudalako. Orduan, zerbait erditzen dudanean, hunkitu egiten naiz. Nire herriari, sasoiari eta hizkuntzari ekarpen bat egiten ari naizela sentitzen dut. Gauzak oso benetan egiten ditut, oso fikzio gutxi sartzen dut nire gauzetan, bestela ez daukat motibaziorik.
Nondik abiatu zinen lan hau egiteko?
Abiapuntua diskurtso bat bilatzea izan zen, ‘Kantu bat gara’ lanari bigarren buelta bat emateko. Lan horrekin urte eta erdiko bira egin genuen, disko-liburu arrakastatsua izan zen eta presentzia handia lortu du euskal kultur eskaparatetxo honetan. Orduan, zerk justifikatuko luke bigarren lan bat egiteak? Nire asmoa ez delako abeslari izatea edo abeslari bezala arrakasta edukitzea. Motibazioa bilatu behar nuen eta bueltak eta bueltak emanaz aurkitu nuen. Transmisioa da lan honen ardatza eta liburuaren azalean agertzen den harritik abiatzen da dena. ‘Bereterretxeren kanthoria’-ren oroitarria da berau. Zuberoako auzo txiki batean dago, bide bazterrean, sasi artean, eta euskal kantu zaharrena da. 1400 urte inguru ditu. Mikel Laboak, Benito Lertxundik, Jean Mixel Bedaxagarrek eta beste hainbestek abestu dute. Harri bat duen euskal kantu bakarra da. Niretzat oso sinbolikoa da harri hori, euskal kantarik zaharrena delako eta bizirik iritsi delako Spotifyren eta YouTuberen sasoira, Coliseo antzokira bizirik iritsiko den bezala, 600 urteko bidaiaren ondoren, ahoz ahoko transmisioan. Gurea bezalako hizkuntza txiki batean, lur zatitu batean eta historikoki gertatu zaizkigun gauza guztiak gertatuta, hori ia-ia mirari bat da. Orduan, behin hori formulatu nuenean, banuen lanaren bihotza edo kontzeptua, eta transmisio hori gizarteratu nahi nuen. Hau da, jendeari ikusaraztea, txikiak izan arren, oso handia den historia baten parte garela, katedral erraldoi baten parte garela.
Lanean 600 urteko bidaia hori islatzen duzu. Kantuak mantendu gaitu bizirik?
Kantu bat garela esaten dudanean, pixka bat kursia izan daiteke, baina zergatik esaten dut hori? Kantuak gure existentziaren metafora bezala hartzen ditut. ‘Bereterretxen kanthoria’-k, 1400. urtearen inguruan sortuak, hizkuntza eta identitate guztiak desegiten saiatu diren Errepublika Frantsesa eta Espainiako diktadura, zatiketa administratibo historikoa, legedia guztiak eta gure lurraldean presentzia duten hizkuntza erraldoiak (gaur egungo aro digitalean are gehiago) gainditu ditu. Gure biziraupenaren sekretua kantu honen bidaian dago gordeta. Kantu honek nola lortu du bizirik iristea hori guztia gaindituta? Nola lortu dugu bizirik iristea? Nola lortu dugu zuk eta nik kamera baten aurrean 2023.urtean euskaraz aritzea, mendi eta txabola horietatik sortu eta kobazuloetatik datorren hizkuntza batean? Hori da nire proposamena: kantu horren biziraupena, herri honen biziraupenaren irudi bezala hartzea.
Diskoan bidelagunak izan dituzu proposamen hori plazaratzeko. Tartean, Silvio Rodriguez. Lehen aldiz entzun dugu euskaraz abesten. Bere parte-hartzea zer izan da zuretzat?
Kolaborazioak oso garrantzitsuak dira niretzat. Jende askorekin egiten dut lan, horrela egin dut urte hauetan, eta elkarlan horiek bilatzea gustatzen zait. Nire diskoak koralak izatea gustatzen zait. Kolaboratzaile guztiekin dut kolaborazioa justifikatzen duen harremana. Silviorekin ere banuen, baina berak ez zekien. Oso harreman intimoa zen, haurtzarotik. Jende askori gertatu zaigun bezala, Silvio eta beste kantari asko bidelagunak izan dira gure bizitzan, eta bakardadeko ordu asko bete dizkigute. Bere kantuekin pentsamendu asko formulatzen lagundu digute, negar eginarazi digute eta lagun artean abesteko kantak eman dizkigute. Oso intimoa sentitzen dut eta, aldi berean, badakit Silviorena ahots unibertsala dela. Orduan, ‘Kantu bat gara’ lanarekin ere, banekien nire amets guztiak betetzera joan nahi nuela. Gainera, 50 urte bete nituen eta horrek asko eragin zidan. Denbora badoala ikusi nuen eta ezertan mugatuko ez nintzela pentsatu nuen. Mugarik gabe pentsatze hori gakoa izan da. Amets egitea eta ametsaren bila joatea. Oso gutxi egiten dugu hori. Autozentsuratu egiten gara ametsaren bilaketa horretan. Ezinezkotzat ematen dugu Silvio Rodriguezek nirekin, ezezagun batekin, hizkuntza bitxi honetan kantatzea. Ni saiatu naiz eta lortu dut. Kantua asko gustatu zitzaiola uste dut (Gorka Hermosak aurretik konposaturiko musika da, ‘Amore’ izenekoa) eta pentsatzen dut Euskal Herriarekin ere maitasun berezia izango duela. Askotan egon da hemen eta badakit lagun batzuk badituela. Bere adinarekin ausartu da euskaraz esfortzu hori egiten ezezagun batentzat. Niretzat hori hunkigarria da. Eta ez niretzat bakarrik, euskararentzat oparia dela uste dut.
Nolako elkarlana egin duzu beste kolaboratzaileekin?
Itziar Ituñorekin harremana izan dut azken urteetan eta asko gustatzen zait munduan nola ordezkatzen gaituen. Beti euskara lehenesten du bere sare sozialetan eta barrera psikologiko bat puskatu du. 5 milioi jarraitzaile izan ditzakezu Instagramen, berak dituen bezala, lehenengo hitza beti euskara izanik. Gero, bere baloreak eta nola kantatzen duen asko gustatzen zait... Oso abesti berezia da berarekin egin dudana. Telefonoko nota batzuk kantu bihurtu ditut eta nahiko gogorra da sentimentalki. Gero, Olaia Intziarterekin kantu inportantea egin dugu diskoan, belaunaldien arteko elkarrizketa egiten dudalako berarekin. ‘Ta orain’ da kantuaren izenburua. Sinbolismo bat dauka niretzat, liburuaren tesian ‘Bereterretxeren kanthoria’ (iragana), ‘Ta orain’ (oraina) eta ‘Euskal Herria B’ (etorkizuna) azaltzen direlako. Gaur egungo Euskal Herri erdaldun hori azaltzen da azken abesti horretan, non jendeak euskaraz bizi nahi duen. Bestalde, Maddalen Arzallusekin ‘Welcome to beach’ kantua Gure Kaxa programan abestu genuen eta jendeari asko gustatu zitzaion. Youtuben bueltaka ibili da bideoa eta jendeak grabatzeko eskatzen zidan. Oso polita izan da grabaketa Maddalenekin. Gero, Ibrahima Balde dago, ‘Miñan’ liburuko protagonista. Euskarazko esalditxo bat esaten du eta niretzat oso sinbolikoa da bera hemen egotea. ‘Miñan’ liburua azken urteetan euskal kulturan gertatu zaigun gauzarik garrantzitsuenetariko bat da nire ustez, liburu unibertsal bat bihurtu delako. Gainera, laguna ere bada, beraz, sartu egin ditut Ibrahima eta Amets Arzallus. Gero Luis Pastor dago, Lorcarena egiten duena ‘Hotel Torrontegi’ abestian. Extremadurakoa da eta pare bat jaialditan batu gaituzte Francoren sasoiko emigrazioari keinu bat eginez. Pare bat kontzertu egin ditugu eta Lorcarena egin nahi zuen proposatu non. Gero, Mikel Kazalis dago, ‘Anestesia’ taldekoa. ‘Negu Gorriak’ taldeari idatzi nion ‘Ez dezagun sal’ abestiaren bertsioa egin dugu eta niretzat sinbolikoa da, horrek zabaldu zizkidalako ateak letragile izateko. Bestalde, Ulu Media ere izan dut bidelagun. Ulu Media fikziozko narrazioak edo nobela sonoroak egiten dituen ekoiztetxea da, eta diskoaren introa egin dut eurekin. Harribitxia da, bi minututan ‘Bereterretxeren kanthoria’-ren sorreratik egindako bidaia historikoa laburtzen duelako. Beraz, zer esango dizut, niretzat izugarrizko ilusioa da horrelako kolaboratzaileak edukitzea. Horrela, gainera, ziurtatzen dut batzuk gutxienez ondo abestea diskoan (barreak). Pozik nago.
Aipatutako ‘Euskal Herria B’ abestiarekin amaitzen da diskoa. Zein da Euskal Herria B hori?
Euskal Herria B izena jarri diot salaketa moduan, iruditzen zaidalako hori dela inoiz erakusten ez den Euskal Herria. Ez dauka presentziarik gure telebistan, gure nobelatan, gure kantuetan, gure ipuinetan. Euskal Herria esaten dugunean, ez dugu pentsatzen Euskal Herri horretan. Hizkuntza aspaldi galdutako bailara horiek, eremu industrial horiek edo mugetako nekazal eremu horiek dira. Izan daitezke Lantziego, Sestao, Burlata edo Baionako periferia. Izan daitezke itsusiak, inon sartzen ez ditugunak, ez ditugu sartzen iragarkietan, bertan ez dugu ezer inauguratzen eta euskal programaziorik apenas duten tokiak dira. Toki guzti horietan euskaraz bizi nahi duen jendea dago. Etorkin asko dago, sasoi batekoak eta gaur egungoak. Euskal Herri hori, Euskal Herriaren erdia-edo dena, ez badugu euskal identitatean sartzen, ez badugu hori gure enbor zentralean sartzen, ezikusiarena egiten jarraitzen badugu, inoiz ez dugu lortuko ez euskararen normalizaziorik, ez egin beharreko beste hainbat jauzi historiko. Abestia horren aldarrikapena da, eta Euskal Herri horri aitortza edo omenaldi bat. Hain zuzen ere, horregatik hasi nahi nuen bira Sestaon. Sestao Euskal Herria B horietako bat delako.
Horrekin lotuta, esan izan duzu euskarak lagundu zizula zure identitatea eraikitzen. Nolakoa izan da euskararekin izan duzun harremana?
Berez, gure familian euskara ez zen existitu behar. Modu naturalean behintzat ez zen existitu beharko. Gurasoek ez balute emigratu eta nire aitona kasualki ez balitz Zumarragan trenetik jaitsiko, horrela izango zen. Euskara kasualki daukat eta zirkunstantzia historiko batzuen ondorioz. Orduan, bertsolaria naiz eta horrelako gauzak egiten ditut tarteka. Umetatik, dena euskaraz egiten dut. Euskarak dena eman dit. Hizkuntza hori nire familian ez egotetik, bizimodu bat ematera pasa naiz euskarari esker. Euskarak eman dit hori eta Euskal Herriak eman dio nire familiari (Extremeñoa, Zamoranoa) leku bat munduan, eta identitate berri bat eman digu. Oso presente dut hori eta asko gustatzen zait hori aldarrikatzea, bigarren mailako euskaldunik ez dagoela aldarrikatzea. Gero, nire barne gatazka propioa eduki dut nire familiaren jatorri eta izaera erdaldun hori onartzeko euskal identitatearekin batera. Ez kontrajarri bezala, baizik eta batera. Prozesu intimo bat eduki dut eta hori aldarrikatzen dut lan askotan. 1997an bertso bat bota nuen Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketako finalean, nire lehen finalean, eta harrezkero lan askotan aldarrikatzen dut hori. Francoren sasoian etorritako seme-alaba horiek milaka gara euskaraz egiten dugunak, euskaraz ikasi dugunak eta euskal identitatearen erdigunean egon behar dela uste dut. Gainera, euskara integrazio ate nagusi bezala aurkeztea gustatzen zait. Mania handia dago (estrategia akaso) euskara oztopo bezala aurkezteko. Kanpotarrentzat euskara oztopoa dela diote lana aurkitzeko, ikasketak egiteko, eta abar. Uste dut euskarak jende askori salbatu digula bizitza eta jende askori izugarrizko erraztasuna eman digu lur honetan gure lekua egiteko.
Euskal Herria B horretan, Sestaon, hasiko duzu bira, eta Eibarrera etorriko zara gero. Zer aurreratu dezakezu ikuskizunaren inguruan?
Eibar plaza handia da. Lehen diskoan ez ginen etorri eta beti nuen buruan Eibarrera etortzea. Gehiagotan etorri izan naiz ‘...eta kitto!’-rekin nire diskurtso hau botatzera, etxe erregionalek ekarri naute baita ere, eta uste dut badela leku bat Francoren sasoian emigrazio handia izan zuena eta euskal identitate berri horren eraikuntzan gakoa izan daitekeena. Kontzertu bakoitza beti izaten da berezia. Beti sartzen ditut gonbidatuak eta oso parte-hartzaileak izaten dira. Egon denak badaki egiten dudana kontzertu bat baino gehiago izaten dela. Azkenean, jende oso ezberdina batzen duen kontzertua da, jende oso ezberdina batzen duen herri-proposamen bat. Dena emozioaren bidez eta edertasunaren bila. Beti da oso berezia eta Eibaren ere oso berezia izango da.