Jon Moma eta Dei taldea zuzenean arituko dira gaur 18:30etik aurrera Zai-Zoi tabernan
Jon Moma eta Dei zuzenean entzuteko aukera egongo da gaur, 18:30etik aurrera, Ez Dok-Zai Zoi tabernak antolatu duen kontzertuan (alderantzizko sarrera). Urteetan talde ezberdinekin instrumentista aritu eta gero, Jon Moma abeslari eta tronpetista bizkaitarrak proiektu pertsonala sortu du. Euskaraz eta gazteleraz idatzita dauden letra sakonekin, bere estiloak diskurtso intimistago baterantz eboluzionatu du. Orain bere lehen lana den Universos aurkezten dabil, duo formatuan. Dei, berriz, 2022an Mutrikun sortutako taldea da. Aitzol Urkiza (ahotsa eta gitarra) eta Iñigo Bravo (gitarra, harmonika eta ahotsa) lagunek osatzen dute eta, diotenez, “zuzenean, talde formatu elektrikoan borobiltzen dituzte abestiak, bateria eta bajuarekin lagunduta”. Otsailean kaleratu zuen taldeak bere lehen lana, zazpi kanturekin osatuta dagoen Iluneko sua arrotz izenekoa.