“Los límites de nuestro planeta. Una mirada científica” proiektatuko dute bihar Coliseon

“Los límites de nuestro planeta. Una mirada científica” proiektatuko dute bihar Coliseon
2023/09/26 11:34
eta kitto!
Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez eta Ihoberen laguntzarekin, hainbat jarduera antolatu ditu aurreko barixakuan hasi zen Asteklima Klimaren eta Energiaren Asterako. Klima-aldaketaren aurkako borrokan, tailerrak, hitzaldiak, irteerak, jolasak eta bestelako jarduerak egingo dira, Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da goiburuari jarraituta.

Egitaraua atzo hasi zen, erakusketa didaktiko batekin. Bihar, berriz, Jonathan Clayren “Los límites de nuestro planeta. Una mirada científica” proiektatuko dute, 18:00etan Coliseo antzokian. Pelikula-dokumental horretan David Attenboroughek eta Johan Rockström zientzialariak lurraren biodibertsitatearen kolapsoa aztertzen dute. Filma gaztelaniaz izango da, eta 12 urtetik gorakoentzat gomendagarria da. Sarrerak doakoak dira, eta aldez aurretik har daitezke Kutxabank-en bitartez.

Eta eguenean, 18:00etan Coliseon, “Azken eguzkilorea” umeentzako antzezlana eskainiko da. Txotxongiloak eta maskarak erabilita, euskal mitologia landu eta klima-aldaketaren ondorioak salatuko dituzte. Sarrerak doakoak dira, eta aldez aurretik har daitezke Kutxabank-en bitartez.

Amaitzeko, urriaren 1ean (domeka), 09:30ean, “Gure basoak eta klima-aldaketa” irteera egingo da, Lurgaia Fundazioaren eta Eibarko Baso Biziak elkartearen laguntzarekin. Ibilbide bat eginez, Eibarko baso-ekosistemak ezagutuko dira, bertan bizi diren animaliak eta landareak, basoko elementu ezberdinen arteko interkazioak, basoaak karbono-erreserba gisa duen garrantzia, eta klima-aldaketaren aurrean erantzuteko duen gaitasuna. Jarduera herritar ororentzat zabalik izango da, 4 ordu inguruko iraupena izango du eta guztira sei bat kilometro egingo dira, Santa Kurutzeko ermitatik abiatuta. Izen-emateak irailaren 28ra arte egin ahal izango dira (egun hori barne) info@lurgaia.org helbidera e-maila bidaliz, parte-hartzaileen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat adieraziz. Parte hartu ahal izateko beharrezkoa da emailez konfirmazioa jasotzea. Jarduera elebiduna izango da.

asteklima