Jose Zugasti margolari eibartarrak sortu du aurtengo Musika Hamabostaldiko kartela
Irutxulo Hitzako Sara Ibarguren kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.
Jose Zugasti margolariak eta eskultoreak (Eibar, 1952) egin du 85. Musika Hamabostaldiaren kartela. Abuztuaren 1etik 30era bitartean egingo dute musika klasikoko jaialdi honen aurtengo edizioa. Donostian bizi den artista eibartarrak ibilbide luzea du, eta etengabeko bilaketa eta hausnarketa prozesuan, pinturatik eskulturara igaro izan da, azken urteetan berriz ere pinturara itzultzeko eta bideogintzan murgiltzeko.
Zugastiren obraren berezitasun estetikoa, hein handi batean, Eibarri, bere jaioterri industrialari, zor diola azaldu du Zugastik: “Betea denaren irudikapen bisuala, gorputzen hauskortasuna eta ezegonkortasuna funtsezko ideiak dira lanen garapenean”.
Zugastik Hamabostaldirako sortu duen kartelaren jatorria Itsas-dantza margo akrilikoen seriean dago. Eskultore eta margolariak honako hau dio kartelari buruz: “Orkestra zuzendari batek bere batutarekin espazioan musika marrazten duen bezala, formak, kasu honetan pinturarenak, kargatik askatzeko borrokatzen dira, espazioan doinu desberdinak, barealdiaren eta agresibitatearen arteko hegaldi baxu eta altuak, naturaren izaera anitza markatuz”.
Musikarekin duen harremanari buruz galdetuta, honako hau dio: “Batzuetan musikarekiko jeloskortasuna sentitzen dut, transmititzeko gaitasuna, ikusmenarena baino hurbilagoa duelako, edo behintzat hori da sortzen didan sentsazioa. Emozio batzuk sortzen dizkit, eta oxala nik ikusmenari dagokionez horrelako emozioak lortuko banitu! Lan egiteko ez zait gustatzen, despistatu egiten nauela uste baitut; oso ondo ari zarela lanean pentsatzen duzu, eta gero biluzik ikusten duzunean, musikarik gabe, ezetz esaten duzu.Bada, nik uste dut musikak eragin didala eta zoragarria dela uste dut, baina ez, zoragarria musikan zegoen. Beraz, musika kentzen dut lanerako”.