Juan Antonio Palacios eibartarrak 'Irungo hiria' argazki lehiaketako ohorezko saria irabazi du

«Tera 1, 2, 3» bildumarekin eskuratu du saria 37. Irungo Argazki Lehiaketan. Argizaiola Trofeoan parte hartzeko aukera ere ematen du sariak.
Juan Antonio Palacios eibartarrak 'Irungo hiria' argazki lehiaketako ohorezko saria irabazi du
2026/10/29 12:09
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Juan Antonio Palacios argazkilari eibartarrak ohorezko saria irabazi du Irungo Argazki Elkarteak (IAE) antolatutako 37. 'Irungo Hiria' Argazki Lehiaketan. Gai libreko hiru argazkiz osatutako bilduma onenaren saria jaso du, 'Tera 1, 2, 3' lanarekin. Epaimahaiak urriaren 25ean hartu zuen erabakia.

Lehiaketak bi kategoria izan ditu: gai librea eta Irun gaia. Epaimahaiaren aktaren arabera, 45 parte-hartzailek 132 argazki aurkeztu zituzten lehenengo kategorian, eta beste 19 parte-hartzailek 50 argazki bigarrenean.

Gai libreko bilduma onenari ematen dioten ohorezko sariak makila bat eta 600 euroko diru-saria ditu. Gainera, lehiaketa Argizaiola Trofeoan, Euskal Herriko argazki-lehiaketa garrantzitsuena eta gorenean, sartuta dago; hortaz, sari horrek argazki-lehiaketa horretan parte hartzeko aukera ematen dio Palaciosi.

Sari-banaketa azaroaren 20an egingo dute, 20:00etan, Irungo Amaia Kultur Zentroan. Ekitaldian aukeratutako argazkien proiekzioa eskainiko dute, eta lehiaketako lan onenen erakusketa abenduaren 6ra arte egongo da ikusgai zentro berean.