Juan San Martinen hiru liburu sarean, Ego Ibarraren webgunean
Gogoz, Bidez eta Landuz, Juan San Martinen hiru liburu horiek digitalizatu eta sareratu dituzte Ego Ibarra batzordearen webgunean, argitalpenen atalean. Bertako arduradunen berbetan, “hirurek daramate 'gure herriko gauzak' azpititulua eta garrantzia handikoak dira gure herriaren parterik ezezagunenak ezagutzeko. Gogoz 1978koa da, Bidez 1981ekoa eta Landuz 1983koa”.
Gogoz obraren sarreran egileak berak dioenez, Donostiako “Hoja del Lunes”ean bost urteren buruan argitaratutako artikulurik hautagarrienak batu ziren. Zazpi atal ditu bere 458 orrialdeetan: Etnografiaz, Historiaz, Arteaz, Musikaz, Hizkuntza eta Literaturaz, Oroitzapenez, eta Orotarik.
Bidez lanak 484 orrialde eta zortzi atal dauzka, aurreko liburuaren atalei “Umorez” izenekoa gehituta. Egileak dio aurreko liburuaren jarraipena dela, egunkarian beste urte bitan atera zituen testuak batzen dituena.
Eta hirugarren liburua, Landuz, 415 orriko lana da eta aurrekoen bide beretik doa, “eibartar-plaentziatar umore berezitik zertzelada batzuk gehituta”. San Martinek berak esana da lan hauek “asmo handiegirik gabe” egin zituela, euskal kulturaren zabalkunde hutsagatik. Hiru lan horiek Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak atera zituen bere “Documento” bildumaren barruan.