Juan Sanchez Vallejo, psikiatra: “Zoroa baztertzeko joera du gizarteak, familiatik hasita”
- Zergatik idatzi duzu liburu berri hau?
Memoria historikoaren barruan arlo hau ahaztu egin delako. Frankismoan izandako ankerkerien artean, ez da txikienetakoa gaixo mentalekin gertatu zena; baina inor ez dio hori erreparatu. Gaixo horiek ahaztu eta kaleratu egin dituzte: ez zaizkie eskubiderik onartu. Hainbat urte eman ditut hausnartzen eta orain dela bi amaitu nuen liburua.
- Zenbat denbora eskatu dizu liburua idazteak? Zergatik orain?
Niregatik orain dela 40 urte idatziko nuen, Sevillatik hona etorri nintzenean, exiliatuta. Bertako Mirafloreseko psikiatrikoan bizitakoa kontatzen dut, batez ere. Gure praktikak han egiten genituen hainbat ikaslek hango egoera islatzen zuen argazki bilduma egin genuen eta, baita, Medikuntza Fakultateko ohar-taulan zintzilikatu, klandestinoki. Horren ondorioz, bota egin ninduten eta, Madrilen urtebete egin ondoren, hemen hartu nuen lurra. Sasoi hartan ezingo nuen halako libururik kaleratu; gainera, ez dut gustoko gorrototik idaztea. Orain, aldiz, memoria historikoa oraindik xakean dagoela, une aproposa deritzot, sektore sozial hori baztertua izaten jarraitzen duelako.
- Beraz, zure esperientzia pertsonala dugu liburuaren oinarri, ezta? Erabili duzu bestelako dokumentu historikorik?
Bizkarrezurra nire esperientziak dira, bai: horiek osatzen dituzte hasierako bi kapitulu eta erdi eta baita sarrera ere. Narrazio horiek autobiografikoak dira. Badira beste batzuk, baina, psikiatria konparatzaile arlokoak. Azken horietan gaur egungo psikiatriaren ezaugarriak aztertzen ditut: gaixoen eskubideak aitzindari, zelako legeak dauden indarrean, herentzietan-eta zelako tratamendua izaten duten, ez-gaitza edo inkapazidade neurriak zelan hartzen diren... Eta, azken kapituluan, Europako beste herrialdetako egoera errepasatzen dut: nahiko antzerakoa da ingurukoetan ematen dena, aurreratuenak Italian badaude ere. Han sortu zen antipsikiatria korrontea, Franco Basagliaren eskutik, eta orain dela urte batzuk ingresoak debekatu ziren.
- Azken urteotan aurrerapenak izango ziren tratamendu horietan...
Formetan eman da, batez ere, bilakaera hori. Elektroshock-ak, lobotomiak, insulina bidezko sendabideak... baztertzen joan dira. Homosexualitatea sendatzeko metodo konduktistak ere gaur egun ez dute lekurik. Baina ingresoekin jarraitzen dugu. Hori bai, badira lege garantistak eta, sei hilabetero, epaileak kontuak eskatzen ditu. Sasoi batean ingresoak bizitza osorako izaten ziren: hilerriak ere izaten ziren ospitaletan.
- Zer gertatu zen Mirafloreseko psikiatrikoarekin? Bizirik dago?
1999an itxi zuten betirako. Aurretik, dena dela, modernizatu zen eta, Gonzalez Chaves zuzendariaren eskutik, “Saltemos la tapia” ateak zabalik jardunaldia egin zuten. Ni egon nintzenean, 1.600 lagun zeuden han ingresatuta, asko fitxa barik, beste batzuk “por republicano”.
- Aurretik kaleratu dituzun liburuetatik aldentzen da azken hau ikuspuntu aldetik?
“Locos de desatar” liburuan ere gai beraren inguruan teorizatzen dut. Zoroak sinbolizatu egiten ditu bere kexak, ez du botorik ematen. Eta gizarteak baztertu egiten du, azken urteotan gozoago bada ere, askotan zorotasuna biolentziarekin lotuz. Mezua argia da: zoroa = biolentoa = ezustekoa. Baztertu egiten da gaia eta, salatu ere, apenas. Gutxi idazten da horri buruz. Zoroa astindu egiten da noizbehinka, baina bere biolentzia babesekoa da.
- Liburu honek “Locos de desatar” lanaren bidetik joko du? Antzerkian ikusi ahal izango dugu?
Erregistratuta dut dagoeneko, “La rebelión de los imbéciles contentos” izenarekin, Harry Stack Sullivan psikiatra estatubatuarrak zabaldutako bidetik jotzeko. Harek ere elektroshock-ak, lobotomiak eta halakoak salatzen zituen. Gizarteak ez du zoroak egiten duen salaketa interpretatzen; pilulak ematen dizkio.
- Beste libururik bai buruan?
Frankismoaren azken urteetako militantzia klandestinoa tratatuko du hurrengoak, “¡Madre, quiero arreglar el mundo!” izenekoak. Ez dut idazten jendeak arrazoia emateko, baina uste dut sendagilea bere bulegotik irten behar dela eta jendeari argi hitz egin behar diola, debatea zabaltzeko.
OHARRA: Datorren barixakuan (urriak 4), bestalde, Madrilen aurkeztuko du liburua. Gaspar Llamazares sendagilea izango da berarekin.