Juana Rivas eta Daniel bere semeari babesa erakutsi zioten atzo Untzaga plazan
Granadako epaileak oraingoz Danielen entrega atzeratzea erabaki du.
2025/07/22
22:24
eta kitto!
Amakin Eibar elkarteak deituta, herritar ugari elkartu ziren atzo, uztailak 21, Untzaga plazan, Juana Rivas eta Daniel bere semeari babesa emateko. Gaur, uztailak 22, Granadako 3 zenbakiko Epaitegiko epaileak aginduta, Francesco Arcuri bere aitarekin joatera behartua zegoen Daniel. Aita irailean epaituko dute Italian, 7 urtez bere semeari tratu txar fisikoak eta psikologikoak emateagatik. Granadako epaileak semea aitari entregatzeko erabaki hori hartu du "adingabeari entzuteari uko egin ostean, haurrak babesteko nazioarteko protokoloak urratuz eta urtarriletik babesten zuen kautelazko neurri bati entzungor eginez", azaldu dute emakumeen hainbat kolektiboetako ordezkariek.
Gaur Daniel bere aitarekin elkartu da, baina Granadako epaile horrek oraingoz Danielen entrega atzeratzea erabaki du. Azalpen askorik eman gabe, entrega datorren ostiralean izango dela esan du. Familia-elkarguneko langileak haurrarekin bi orduz egon dira bilduta, eta neurri hori langileek emandako informazioari erantzuteko hartu du epaileak.