JÜR musika-proiektua aurkeztuko dute barixakuan Coliseo antzokian
Jürgen Landa musika eibartarrak JÜR izeneko proiektua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Coliseo antzokian. “JÜR-ek soinu freskoa eta emozioz betea eskaintzen digu, pop-rock estiloaren barruan, eta bidelagun ditu Julen Gutiérrez (gitarra), Alex González (gitarra), Miguel Beraza (baxua), Gaizka Uranga (perkusioa) eta Iván Requejo (pianoa)”, gaur goizeko prentsaurrekoan adierazi dutenez.
Ikuskizunaz gozatzeko sarreren prezioa 5 eurokoa izango da eta Coliseoko leihatilan edo Kutxabank bitartez erosi ahal izango dira.
Txikitatik musikan
Azken aldian EiTB-ko ‘Ztanda’ saioan hartu du parte Jürgen Landak eta finalista geratu zen bertan. parte-hartze hori pizgarria izan da JÜR proiektuarentzat eta Coliseoko kontzertuak are indar gehiago emango dio.
Jürgen txikitatik ari da musikaren munduan eta urte askoan Eibarko Koro Gazteko kide izateaz gain, Makis 37 taldearekin ‘Azken akordiak’ abestian kolaboratu zuen.
JÜR proiektuarekin, bestalde ‘Denborari’ eta ‘Noraezean’ izeneko abestiak kaleratu ditu.
Herriko talentua hazten
Gaur goizean egin den aurkezpenean Jon Iraola alkateak horrelako ekimenak bultzatzearen garrantzia azpimarratu du: "Eibar talentuaren haztegi bat da, eta Jürgen Landarena bezalako proiektuak herrian dugun sormenaren eta pasioaren isla dira. Funtsezkoa da gure artista gazteak babestea, haiek baitira gure herriaren izena kanpora eramaten dutenak".
Andoni Zabala Kulturako zinegotziak ere bere poza adierazi du herriko talentua hazten ari dela ikusita: "Udalean jarraitzen dugu gazteen talentua bultzatzen duten ekimenen alde apustu egiten. Sanjuanetan egin genuen Izengabeak
lehiaketarekin, eta egiten jarraituko dugu Jurgenenak bezalako ekimenekin, benetan sinesten dugulako gure gazteen kultur ahalmenean. Jürgenek eta bere taldeak ibarko eta inguruetako musikaren etorkizuna ordezkatzen dute, eta oso pozik gaude ikusita nolako oihartzuna duen haren musikak bai herri barruan bai herritik kanpora. Halako proiektuek gure kultur eszena aberasteaz gain, beste gazte batzuentzat inspirazio-iturri izan daitezke".