Jurgen Landa eta Jon Alonso eibartarrak Ztanda programako finalera pasatu dira

Finala datorren igande gauean izango da ETB1n. Bi eibartarrekin batera beste 3 abeslari lehiatuko dira.
Jurgen Landa eta Jon Alonso eibartarrak Ztanda programako finalera pasatu dira
2024/12/02 10:20
eta kitto!

ETBren Ztanda talent showa amaierara iristen ari da, eta dagoeneko badakigu programan parte hartu duten bi eibartarrak (Jurgen Landa eta Jon Alonso) finalean izango direla. Jon Alonsok aurreko astean lortu zuen finalerako txartela, eta atzo izan zen finalaurrean Jurgen Landak ere finalera pasatzea lortu zuen. Datorren domekan izango da norgehiagoka ETB1n, 22:00etatik aurrera, eta, Jurgenekin eta Jonekin batera, Arima gernikarra, Errenteriako Leila eta Beñat aretxabaldarra lehiatuko dira. Irabazleak 15.000 euroko saria eskuratuko du, baita Euskal Herriko abeslari onenaren titulua ere.

Aurtengoa bigarren edizioa da, eta 13 lagun aritu dira lehian. Emanaldiak prestatzeko bi coach dituzte: Adrian Garcia de los Ojos musikaria, ahotsa lantzen laguntzeko; eta Paula Bujanda dantzaria, koreografiak prestatzeko. Barbara Goenaga eta Iker Villa dira aurkezleak. Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria, Klara Mendizabal sopranoa, Gatibuko Alex Sardui abeslaria eta Chill Mafiako Beñat Rodrigo 'Kiliki Frexko' kide eta abeslaria dira abeslarien jarduna epaitzen jarduten dutenak.

Jon Alonso 21 urteko eibartarrari soul, country eta pop musika estiloak gustatzen zaizkio, eta bere erreferente nagusia Bruno Mars da. Duela 12 urte, Eibarko Koro Gaztean sartu zen, eta, ordutik, ez dio inoiz abesteari utzi. Bestalde, pianoa pixka bat jotzeaz gain, bi musikaletan parte hartu du.

Jürgen Landak musika txikitatik izan du gogoko. 24 urte ditu eta Eibarko Koro Gaztean aritu da. Orain, abestiak konposatzen ibiltzen da, eta, dagoeneko, kantu batzuk kaleratu ditu. Bestetik, 80. hamarkadako pop-rock musika gustatzen zaio. Gitarra jotzen du eta pianoan ere badabil, bere kabuz ikasita.

Arima Garciak 38 urte ditu, eta musika afrikarraren zale amorratua da. Hala, gernikarra Bi Bide afro-musika taldeko abeslaria da. Abesteaz gain, gitarra jotzen du, bere kabuz ikasita. Rhythm and blues, blues, pop eta rock musika estiloak ditu gogokoen.

Leila Askao 19 urteko gaztea Errenteriako Beyonce izateko prest dago. Musika estilo ugari ditu gustuko: Rhythm and Blues, soul, rock, reggae, jazz eta pop doinuak, esaterako. Rihanna, Nicki Minaj, Naty Peluso, Rosalia, Kayne West eta, jakina, Beyonceren jarraitzailea da. Bestalde, dantzan ere ongi moldatzen da taula gainean.

 

Beñat Arizabaletak  27 urte ditu eta Aretxabaletakoa da. Lotsa gutxi du eta pertsona zabala ei da. Apur bat pailazotzat eta dibatzat du bere burua. Ingelesez, euskaraz nahiz gazteleraz, pop musika gustatzen zaio. Olaia Inziarte, Neomak, ETS, Rosalia eta Taylor Swift dira bere erreferente nagusiak. Pianoa ongi jotzen daki, eta gitarrarekin ere zertxobait moldatzen da.