"Kale gorrian" antzezlana aurkeztuko du Barsanti konpainiak bihar Untzagan
Udalak sanjuanetarako antolatu duen jai-egitarauaren barruan, bihar 19:00etan Kale gorrian antzezlana eskainiko du Barsanti konpainiak, Untzaga plazan. Kaleko ikuskizun honetako protagonistak etxerik gabe geratzeko zorian dagoen aiton-amona bikotea da (Juanjo Otero eta Aritza Rodriguez aktoreek interpretatuta). Aitona-amonak etxerik gabe geratzear daude. Berrogei urtez bizi izan dira etxe horretan, auzo horretan, eta, gaur, ezkondu ondoren erosi zuten pisua betirako uzteko unea iritsi da. Polizia beren balkoiaren azpian dago, gunea inguratuta dute, eta epailearen agindua betetzeko prest daude. Auzokideak etxe inguruan batu dira, egoera horren lekuko izan eta, beharbada, kexatzeko.
Marinok ez du etxetik joateko asmorik, amaierara arte gogor eutsi nahi du. Horretarako, hainbat estrategiaz baliatuko da. Begoñak, bestalde, nahiago du egoera horrekin lehenbailehen amaitu. Lotsa handia ematen dio bizitzen ari direnak. Baina ez ditu bere gauzak etxe barruan utzi nahi. Auskalo bankuek zertarako erabiliko dituzten... Azken finean, gauza horiek bere oroitzapenak dira, edo, hobeto esanda, bere bizitza. Ikusiko dugu azkenean nola amaitzen den kontua. Justizia egingo al da?