Kalean da Legarreko lokaletan sortutako MUZAK taldearen estudioko lan berria

Kalean da Legarreko lokaletan sortutako MUZAK taldearen estudioko lan berria
2023/01/13 13:10
eta kitto!

Irabaziak eta galerak du izena eta lau kantaz osatutako EP-a da. Zestoako Gaztain Estudioetan grabatu dute eta tartean, kolaborazio berezi bat izan dute, Etxekalte taldeko Unai Irisarri abeslariarena. Kanta bakoitzaren aurrerapen txiki bat entzungai albistearen barruan.


Muzak taldea Joanes Iñurrieta soraluzetarrak eta Ruben Irigoyen elgoibartarrak sortu zuten, Eibarko Legarreko lokaletan. Aitor Sagarmendi baxu-jolea taldera gehitu eta gutxira lehen diskoa kaleratu zuten: Programaturik (Gaztain Estudioak, 2021). Orain, estudioko bigarren lana dakarte: Irabaziak eta galerak (Gaztain Estudioak, 2023).

 

Doinu gogorrak urteari gogotsu ekiteko 

Grabaketa 2022ko urri amaieran bukatu bazuten ere, herenegun —urtarrilak 11— argitaratu dute lana, aurten euskal eszenan plazataratu den lehenetarikoa.

Estilo aldetik, aurreko proiektuko rock alternatibo-progresiboaren ildotik jarraitu dute, metal kutsuari eta ahots melodikoari eutsiz eta, beste behin ere, bakoitzak bere instrumentua —bai sormen, bai teknika aldetik— aski fin landuz, “power trio” etiketaren ordezkari bikainak direla erakutsiz.

 

Kanta guztiak plataforma digitaletan daude jada. Jarraian bakoitzaren aurrerapen txiki bat:


Azken kanta, “Darwin”, abenduaren 14ean kaleratu zuten, lan berriaren aurrerapen gisa, Iñaki Landak single honetarako propio sortu duen beste diseinu batekin, diseinatzaile grafikoak berak egindako diskoaren artean inspiratuta. Segidan ilustrazioa eta kanta osorik entzungai:

 

Oraingoan, fisikoan ere bai

Lehen diskoa sarean soilik argitaratu bazuten, oraingoan, formatu fisikoan ere kaleratuko dute eta, EP berriko 4 kantuez gain, Programaturik laneko 7 kantak ere jaso ditu bere baitan.

formatu_fisikoa_tokikom_700x700

Taldearekin harremanetan jarri edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi muzaktaldea@gmail.com helbidera edo jarraitu @muzak_ofiziala instagram kontuan.