Kaleetan Kantuz Galizia eta Portugalen egon da abesten
Ekainaren 26ko gauerdian irten ziren Galizia aldera Kaleetan Kantuz abesbatzako kideak. Taldeko Aurora Larreategik esan digunez, "goizeko 09:00etan ailegatu ginen A Guardara. Gosaldu, maletak desegin eta, atseden pixka bat hartu ondoren, entsegu orokorra egin eta kalera irten ginen, abestera. Udaletxean harrera egin zigun zinegotzi batek eta liburuak eta plaka bat oparitu zizkigun. Kaleetan zehar, herritarrek oso harrera beroa egin ziguten; jendea komertzioetatik ateratzen zen gu ikusteko. Zapatu goizean, gosaldu eta gero, Portugalera, Vilanova de Cerveirara joan ginen. Bertan azoka garrantzitsua zegoen eta kalejiran ibili ginen, bi gaiterok lagunduta. Presidenteordeak harrera egin zigun, eta kalean kantuan aritzeagatik eskerrak eman zizkigun, han ez dagoelako horretarako ohiturarik. Handik Santa Teclara joan ginen, eta ondoren A Guardara itzuli ginen. Domeka goizean Eibarrera itzultzeko bidaiari ekin genion, baina bidean Cudillerotik gertu bazkaldu genuen. Bidaia zoragarria izan da. Oso ondo pasatu dugu”.