Kantatzeko plazer hutsarengatik
Kantatzen ez duenak, ez du zorionik. Hori dio Antton Aldalurrek eskuan duen kantu liburuak eta, esaldiari beste buelta bat ematen badiogu, kantatzen duenak zoriona jasotzen duela pentsatu genezake. Hain zuzen ere, filosofia horri eusten dio hamabost egunean behin, astelehenetan, 19:00etan, Kultun elkartzen den kantuzale taldeak.
Arrate Kultur Elkarteko zuzendaritzako kidea da Antton Aldalur eta, ekintza berriak egiteko asmoz, “kantuzalea naizenez”, bere berbetan, “lehengo euskal kantuen (Mikel Laboarenak, Xabier Leterenak…) tailer moduko bat egitea pentsatu genuen”. Udaberrian hasi ziren kantu saio irekiekin, uztailean etena egin zuten, eta udatik bueltan berriz hartu zuten martxa, gaur egunera arte.
Kultukoen proposamenak erantzun ona jaso zuen eta hamar lagun inguru elkartzen dira saio bakoitzean. Saioak irekiak dira eta ez da inolako konpromisorik eskatzen; beraz, edozein egunetan joan daiteke eta, ezin denean, ez dago arazorik kale egiteko, baina normalean talde polita elkartzen da elkarrekin abesteko.
Gu geu astelehenean joan ginen kantu-saioan egiten dutena bertatik bertara ezagutzera eta, saioak Gaztañerreren ospakizunarekin bat egin zuenez eta normalean bertan egoten diren lagun batzuek beste konpromiso batzuk zituztenez, lagun gutxi elkartu ziren Kultuko hitzaldi-gelan, baina salbuespenezko egoera izan zen.
Azken finean ez dira profesionalak, “ahal duguna egiten dugu” dioskue parte-hartzaileek. Abestearen plazer hutsarengatik eta euskal kantak ikasteko gogoarengatik batzen dira. “Ondo pasatzen dugu”, diosku Aldalurrek. “Ez da maila altua duen jenderik abestera etortzen, kantatzea gustatzen zaion jendea baizik, beste barik”.
Abestiak buruz ikasi
Antton Aldalur arduratzen da taldea dinamizatzeaz, baina ez dute irakaslerik eta arlo teknikoari ez diote garrantzi berezirik ematen. “Ez dugu bi ahotsetan ezta hamarretan ere abesten. Beno, agian ahots askotan egiten dugu, bakoitzak berean”, diosku barrez.
Hasieran bi abesti lantzen hasi ziren (‘Behin betiko’ eta ‘Mendia gora haritza’), letrak eta doinuak buruz ikasteko gogoz. Horrela, behin eta berriz errepikatuz, abesti gehiago ikasten joan dira eta abesti-sorta bat buruz ikasi dute dagoeneko.
Saioetan, ostera, buruz ikasi nahi dituzten abestiez gain, gehiago abesten dituzte. “Gure artean erronda bat egiten dugu eta gutako bakoitzak kantu-paperetik abesti bat aukeratzen du”, azaldu digu Aldalurrek. Horrela, buelta bat edo bi egiten dituzte eta buelta bakoitzean aukeratutako abestiak kantatzen dituzte, hori bai, papera erabilita, ez buruz. “Estrofaren bat buruz badakizu, papera ezkutatu eta buruz egiten duzu, baina bestela letra irakurriz. Horrela, poliki-poliki, abestiak ikasten ditugu”. 40 abestitik gora dituzte kantu-paperean, baina gehienetan errepikatu egiten dira parte-hartzaileen gustoko kantak eta, errepikapenaren poderioz, letrak buruan iltzatzen dira.
Aldalurrek esan digunez, “batzuk uste dute ez direla gai abestiak ikasteko, eta horrela bada, kitto, ez dago arazorik; baina nik uste dut geroz eta gehiago ikasi ahal dugula..Ahal den neurrian buruari eragin behar diogu. Nik neuk, kotxean edo dutxan nagoenean, abestu egiten dut, eta kanta osorik baldin badakit, hobeto. Kantu-paperarekin ez naiz dutxara joango ba!”.
Kantu batzuekin gauza bitxi bat gertatzen da: batak edo besteak abesti bera modu ezberdinean ezagutzea. “Batzuek abesti baten zati bat errepikatu egiten dutela diote eta beste batzuek ez, edo doinua beste modu batekoa dela… Horrelako eztabaidatxoak ere izaten ditugu”, Aldalurrek esan digunez.
Kantatzeko ohiturari eutsi
Parte-hartzaile batzuk Bilbora eta Donostiara joaten dira hango kantuzaleekin abestera, beste batzuk Eibarko Kantuzaleak taldean ibili izan dira, baina denak afizio hutsez, abestea maite dutelako. “Kalejiretan ibili gara batez ere, ez abesbatzetan eta horrelakoetan”, zehazten dute. Oso eibartarra da (edo izan da) hori, kalean eta lagun artean abestea, eta kantu saio irekietan parte hartzen dutenek uste dute hori galdu egin dela pixka bat. Modu honetan, ohitura horri eutsi nahi diote eta, momentuz, Kultun aritzen dira. Hori bai, ez diote kalean abesteari uko egiten. “Gustatuko litzaidake egunen batean kalean elkartu eta taldean abestea. Gai izatea kantu bat hasi eta amaitzeko, buruz abestuta, lotsatu gabe. Badakigu ez ditugula demaseko ahotsak, baina kalean kantatzeko zer behar da ba? Gogoa bakarrik”, diosku Aldalurrek.
Kantu-saio irekietan parte-hartzeko zabal-zabalik daude Kultuko ateak. Hamabost egunetik behin egiten dituzte, astelehenetan, 19:00etan, eta bertan agertzea nahikoa da kantuan egiteko. “Doakoa da, ez da matrikularik egin edo izenik eman behar”, zehaztu digute. Dena dela, informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, 638 284 912 telefonora deitu daiteke..