KAXA-ko dantzariak Elorrion eta Santanderren irabazle
KAXA dantza gunean lehiaketetan parte hartzen duten hiru talde daude: junior kategorian dabilen KXXS, youth mailako KX eta maila absolutuko KXL. Azken aldian lau lehiaketetan aritu dira eta bikain aritu ere, garaipenak lortzeraino, Thiago Luiz Almeida koreografoak gidatuta.
Dagoeneko hiru taldeak aritu dira lehiaketetan eta Elorrion, Orio, Leon eta Santanderren jokatutako txapelketetan egon dira. Gainera, maiatzaren 10ean Bilbon egongo dira D’zanp lehiaketan.
Elorrioko saioan, junior mailan garaile izan zen KXXS taldea eta KX taldea bigarren geratu zen youth mailan. “Horrela, KXXS taldea ‘Break on stage’ lehiaketan arituko da maiatzaren 17an, Barakaldon”, esan digu KAXA-ko Marta Prolek.
Azken asteburuan, KXXS taldeak bikaintasunaren bidetik jarraitu du Santanderreko Rock Da House lehiaketan, junior mailan lehen saria eskuratu duelako eta hip-hop mailan ‘Esencia’ saria irabazi duelako.
Barixaku honetan, 20:00etan, bestalde, KAXA-ko KXXS taldeko dantzariak Eibarko Dendarien Elkarteak Errebal Plazan egingo duen moda desfilean arituko dira.