Kera elkartea, emakume ijitoen ahotsa eta erresistentzia

Astelehenean 'Erromani erresistentzia' hitzaldia eskainiko du Andretxean Gipuzkoako emakume ijitoen elkarteak
Kera elkartea, emakume ijitoen ahotsa eta erresistentzia
2025/05/23 09:57
eta kitto!

Kera emakume ijitoen elkarteak ‘Erromani erresistentzia’ izeneko hitzaldia eskainiko du hilaren 26an, 18:00etan, Andretxean. Palmira Dual Jimenez elkarteko koordinatzaileak azaldu digun bezala, solasaldi horren bitartez ijito herriaren historia ezagutzera eman nahi da, emakume ijitoen ahotsa eta borroka soziala erdigunean jarriz. Ekitaldi irekia izango da astelehenekoa eta herritar guztiei bertaratzea gomendatzen diete.

 

Gipuzkoako emakume ijitoen elkartea da Kera. Irunen jarduten dute batez ere, baina probintzia osoan egiten dituzte ekintzak eta euren presentzia indartzeko gogor dihardute lanean. Emakume gazteek bultzatzen dute elkartea, baina 11 eta 50 urte arteko kideak dituzte, belaunaldi ezberdinetako emakume-ijitoak ordezkatuz. “30 emakume gaude Irungo taldean, ijito herrian egiten ditugun interbentzioak bertan egiten ditugulako batez ere. Azken finean, elkar ezagutzen dugu eta badakigu nolako baliabideak ditugun. Baina bestela, gizarteari dagozkion ekintzak eta abarrak Gipuzkoa osora zabaltzen ditugu. Beste herrietan ere interbentzioak eta egin ahal izateko lanean ari gara, baina hiru lagun gabiltza elkartean lan egiten (bi jardunaldi oso, esan dezakegu) eta ez dugu askoz gehiagorako denborarik. Ea dirulaguntza gehiago lortzeko aukera dugun herri ezberdinetan hezitzaileak jartzeko. Hori izango litzateke gure ametsa”, argitu digu Palmira Dual koordinatzaileak. “Gogorik ez zaigu falta!”.

Kera berbaren jatorriaz galdetuta, zera esan digu koordinatzaileak: “Ijitoei erromaniera kendu ziguten, gure hizkuntza, eta bizirauteko modu bezala edo, erromaniera eta euskara batzen dituen hizkuntza garatu genuen, erromintxela. Bada, kera hitzak etxea esan nahi du erromintxelan. Izan ere, Kerak emakume ijitoen etxea izan nahi du”, azaldu digu.

 

Gizarteari eta ijito herriari begira

Kera bi helbururekin sortu zen. “Batetik, ijito herriaren giza eskubideak bermatu nahi genituen. 600 urte daramatzagu Euskal Herrian eta gure giza eskubideak ez daude babestuta”, Dualek esan digunez. “Gizartean ezezagutza handia dago ijitoen inguruan. Estereotipo asko dago eta denak dira negatiboak, ez gaituztelako ezagutzen. Beraz, gizartea gai honetan sentsibilizatu nahi dugu hainbat ekintza eginez (hitzaldiak, tailerrak…) eta espazio sozialetan ijitoen ordezkaritza bermatuz”.

Elkartearen bigarren helburua ijito herriarekin lan egitea da, “eta gure elkartea emakumeei zuzenduta dagoenez, zehazki emakume ijitoekin lan egitea”, diosku koordinatzaileak. “Hainbat talde ditugu adinen arabera banatuta eta ahalduntze prozesua eskaintzen diegu. Gainera, denbora librerako aukerak ere ematen dizkiegu, euren herrietan zer dagoen adieraziz eta horrek euren egunerokoan nola lagundu ahal dien azalduz”.

Emakume ijitoekin egiten duten lan horretan, Keraren beste helburu bat da gazteek DBH-ko ikasketak amaitzea. “Horretarako, institutuetan prozesu horietan laguntzen ari gara. Eskolen eta familien arteko ezberdintasunak ijitoen kodeekin lantzen ditugu. Batetik, familiei eskola-sistemak nola funtzionatzen duen azaltzen diegu; eta bestetik, irakasleek gure bizitzaren dinamikak uler dezaten saiatzen gara. Hau da, bitartekari lanak egiten ditugu, eta zubiak sortzen ditugu emakume ijito gazteen eta irakasleen artean”, diosku Dualek.

 

Harrera ona eta beharrezkoa

Kera 2021. urtean hasi zen proiektuak eta abarrakfinkatzen eta bere jarduerak “oso harrera ona” izan du gizarteari eta ijito herriari begira. “Gaur egun, elkarteek eta erakundeek eurekin egoteko deitzen digute, eta hori oso positiboa da. Gure lana ijito herrian eta gizartean ezagutarazteko lan handia egin dugu, eta oso pozik gaude. Harrera oso ona eta beharrezkoa izan da. ‘Beharrezkoa’ berba nahitaez irteten da, bai ijito herrian bai gizartean”, kontatu digu koordinatzaileak. Beharrezko lan horri gogotsu ekin dio Kerak, baina gogorra ere badela onartzen du Dualek. “Klitxe pila batekin eraman behar ditugu aurrera proiektu asko, baina harrera ona edukitzen ari gara”, diosku.

 

Erromani erresistentzia

Kerak garatzen dituen proiektuen artean kokatzen dira ‘Erromani erresistentzia’ izeneko hitzaldiak. Dualek esan digunaren arabera, hilaren 26ko solasaldia hiru zatitan banatuko da eta, beste edozein hitzaldi edo ekintzatan egiten duten bezala, historiara begira hasiko dute saioa. “Izan ere, hortik ulertzen da ijitoen jarrera eta gure bizitzaren dinamika”, argitzen digu.

Hitzaldiaren bigarren zatian emakume ijitoen feminismoa nola, nondik eta zergatik sortu zen azalduko dute. Eta hirugarrenik, komunikabideetan dagoen ijitofobiaz arituko dira. “Gaur egun, komunikabideek demaseko garrantzia dute gure bizitzan eta askotan ijitoen inguruko informazio okerrak ematen dituzte, horrek sortzen digun kaltearekin. Beraz, arlo hori modu positiboan nola landu daitekeen aztertuko dugu eta komunikabideetan hori saihesteko Keran sortu ditugun materialak aurkeztuko ditugu”, diosku koordinatzaileak.

Dualek eibartar guztiak gonbidatu nahi ditu hitzaldira. “Ijito herria, bere historia eta abar ezagutzeko aukera ederra izango da. Esperientziak erakutsi digu oso hitzaldi potenteak izaten direla. Izan ere, norberak ikusi eta entzun dezakeenetik guztiz kontrakoa jasotzen du hitzaldi hauetan. Normalean hitzaldiak oso ondo egon dira, oso harrera ona izan dute eta gomendagarriak direla esan digu esperientziak”, Dualen berbetan. Beraz, baduzue zita Kerarekin, hilaren 26an 18:00etan, Andretxean.