Kezka dantza taldea, asteburua dantzan

Kezka dantza taldeak asteburuan jarduera handia izan du, Donostian, Arraten eta Bilbon egin diren hiru kultur ekitalditan parte hartuz.
Kezka dantza taldea, asteburua dantzan
2025/12/17 19:30
Ana Aizpurua

Kezka Dantza Taldeak egitarau oparoa izan du asteburuan. Ostiralean, abenduak 12, Donostian parte hartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Urrezko Dominaren ekitaldian, ohiko ezpata-dantzan. Gipuzkoako hainbat dantza talderekin batera aritu ziren Kezkako dantzariak —Elgoibar, Tolosa, Añorga, Deba, Beasain, Hondarribia-Irun eta Donostiako taldeetako dantzariekin batera—. Aurtengo ekitaldian, Lourdes Iriondo kantagileari eskaini zaio Urrezko Domina, hil ondoko omenaldi gisa.

Larunbatean, abenduak 13, Arraten izan ziren, Aitor Laspiur argazkilari eibartarraren argazki proiektu batean parte hartzen. Saio horretan dantzariek koko-dantzetako eta euskal inauterietako jantziak erabili zituzten.

Asteburua borobiltzeko, igandean, abenduak 14, Bilboko Kafe Antzokiaren 30. urteurreneko ospakizun ekitaldien barruan hartu zuten pate Kezkako dantzariek. Argia dantzari taldearen emanaldian, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, hainbat dantza eskaini zituzten Eibarko dantzariek, Argia, Elai Alai, Duguna, Haritz eta Gure-Kai taldeetako kideekin batera.

Kezkako dantzariak koko-dantzetako eta euskal inauterietako jantziekin argazkietarako prest.

Bilboko Kafe Antzokiaren 30. urteurreneko festan parte hartu duten dantzariak eta dantzazaleak.