Plazara Dantzara erromeriak herritarrak dantzan jarriko ditu bihar, Euskararen Egunaren bezperan
San Andres azokarekin batera, jaietako ekitaldirik arrakastatsuena izaten da Plazara Dantzara erromeria, eta parte-hartzea ere benetan zabala izaten da gaur egun. Hala ere, Kezka dantza taldeko Oier Araolazak horrela gogoratzen ditu hastapenak: “Gaur egun horrelako gauzak nahiko normal ikusten ditugu, baina orain dela 30 urte dantza taldeok ez geunden jendea dantzan jartzeari begira, guk dantzan egin eta ikuskizunak emateari begira baino. Aldaketa handiena hortik etorri zen”.
Urrutitik datorren aldaketa izan zen, gainera: “Belgikako talde bat eta dantza maisu batzuk Euskal Herrian egon ziren 80ko hamarkadan, eta haiek balioan jartzen zuten herritarrek dantzan egitea. Euskararekin paralelismoa egiteko, askotan esaten dut dantza gorputz hizkuntza bat dela, euskara berbazko hizkuntza bat den bezala. Eta euskara sustatzeko, bultzatzeko, interesantea da idazle onak egotea, baina lehentasuna da herritarrak euskaraz aritzea, herritarrek euskara bere egitea, eta euskaratik euskaraz aritzea. Eta dantzan ideia berdina litzateke, interesantea da herritarrek dantza bere egitea eta herritarrek dantzatzea. Ze oso ezberdina da zerbait ikustea, kontsumitzea, edo norberak egitea”.
Eta ideia hori abiapuntutzat hartuta ekin zioten lanari: “Gu 1992-93an hasi ginen Elgoibarko Haritz dantza taldearekin elkarlanean, haiek lan egiteko zuten modua ezagutzen, eta haien bidez etorri zitzaigun beste ikuspegi aldaketa hau. Hori da 1993ko Sanandresetan martxan jarri zena. Berez, aurreko urtean Elgoibarren eta Deban eginda zeukaten, neguko festetan, Gabon Zahar ferian Elgoibarren eta Soro ferian, eta guri Sanandresetan egitea proposatu ziguten”. Horrela sortu zen Plazara Dantzara.
Gertuen zegoen zapatuan
Bestalde, azken urteotan beti San Andres egunean ospatu bada ere, ez zen hala izaten lehen urteetan: “Elgoibarren eta Deban jaiak zapatura lotuta daude, eta guk ere larunbaterako eredua erabili genuen. San Andresetik gertuen dagoen zapatuan hasi ginen egiten, eta hala jarraitu genuen 15 bat urtetan, 30era aldatu genuen arte”.
Ekitaldi berezia izaten dela kontatu digu Araolazak: “Guretzat oso giro goxua da, oso ekitaldi atsegina delako. Ez daukagu presiorik, gozatzera goaz. Eta jendea ere horrela dator. Festa egun bat da, gu baserritar janzten gara, eta janzte horrek zerbait berezia ematen dizu, beste modu batera bizitzen dira gauzak”.
Ez da hori erromeria honek daukan berezitasun bakarra. Izan ere, asko zain egoten dira, bestela egiten ez dituzten euskal dantzak praktikan ipintzeko: “ Urteetan ari gara plazako dantzak herritar guztiengana zabaltzeko lan egiten. Izango dira 25 urte lehen ikastaroak antolatzen hasi ginela, …eta kitto! eta Kezka dantza taldea elkarrekin, Fernando Muniozgurenek berak akuilatuta”. Bere burua dantzaritzat ez dutenei oinarrizko pauso batzuk irakatsi eta, horrela, jaietan-eta dantzatu ahal izatea zen helburua, eta begibistakoa da urteetako lan horrek bere fruituak eman dituela: “Urte hauetan jende pila bat pasatu da horrelako ikastaroetatik eta gaur egun ere helduen bost talde ditugu, oinarrizko euskal dantzak ikasten. Horrelako jendea ere hurbiltzen da ekitaldira, eta hori guretzat gozagarria da”.
Aurten ere urterokoa egingo dutela aurreratu digu Araolazak: “Guk Sanandresak Plazara Dantzara ekitaldiaren eszenatoki natural bezela ulertzen ditugu, eta aurten ere horrela arituko gara. Dantza eskolako eta helduen taldeetako ikasleak horretarako prestatzen ari dira eta, beti bezala, plaza eta ateak irekita dauzkagu animatzen diren guztiak gurekin dantzara batzeko. Aurten, zapatua izaterakoan, Elgoibarko eta Debako dantza taldeetako hainbat lagun ere hurbilduko da. Gainera, eurentzat ere urteurren polita da. Eta, agian, Ermuko Txindurritik ere koadrila txiki bat animatuko da”.
Bestalde, dantza-ekimena Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan ospatuko denez, bat egiteko aukera izango dute dantzariek: “Uste dut euskal dantzaren eta Kezka dantza taldearen ibilbidea ezin dela ulertu euskalgintzarekin izan duen loturarik gabe. Euskal kultura euskal dantzatik, baina baita euskaratik ere, ulertzen dugu. Orduan, guretzat oso polita da Euskararen Egunarekin bat egitea. Adimen artifizialari begira, euskarazko ahotsak batzeko, grabatzeko deialdia egin dute bihar goizerako, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera. Euskarazko ahotsak jasotzeko aukera izango da Untzagan, 11:00etatik aurrera eta, erromeria hasten denean, ekimen hori jubilatuen egoitzara pasatuko da, zaratak trabarik ez egiteko”. Dantzan eta euskaraz, ezin sanoago!